Atzo banatu zituzten Donostiako Tabakaleran Hi Gazte! dinamikaren 2022ko edizioaren sariak, eta horietako bat Azpeitira ekarri zuen Iraurgi Ikastetxeko ikasle talde batek.
Gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin, DBHko gazteak euskarazko edukiak sortzera eta sare sozialetan horiek kontsumitzera bultzatzen ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako egitasmo horrek. Aurreko urteetan parte hartzaileek banaka aurkeztu dituzte lanak, baina aurten taldeka egindako lanekin lehiatu dira ikasleak. Gipuzkoako hamalau ikastetxetako 1.200 bat ikaslek hartu dute parte joan den irailetik martxan izan den dinamikan.
Ikasle taldeek, Challenge, Euskover, Kriston tourra eta Kuxkuxean izeneko erronkei erantzunez, lauko bideo sorta aurkeztu behar izan dute. Lauko bideo bilduma onenaren sari nagusia –mila euro– Tolosako Orixe BHI Institutuko ikasleek irabazi dute. Sari nagusiaz gain, ordea, erronka edo atal bakoitzeko bideo onenak ere saritu dituzte, eta Kuxkuxean ataleko saria –ehun euro– irabazi du Iraurgi Ikastetxeko Nerea Uria, Lide Aizpuru, Ainhoa Oiarbide, Leire Larrañaga eta Nare Sargsyan ikasleek egindako bideoak. Pertsona bati edo multzo bati laburrean erantzuteko hamar galdera egitea eta galdera-erantzunen bideoa sareratzea zen Kuxkuxean erronkaren funtsa. Iraurgiko ikasleek beren irakasleei zein Gaztelekuko hezitzaileei egindako galderekin eta haien erantzunekin osatu zuten saritutako bideoa.
Hau da saria irabazi duen Iraurgikoen bideoa:
Hi Gazte! 2022 barruko sarietako bat ez ezik, sari banaketa ekitaldian zozkatu zituzten AirPods-ak ere Iraurgiko ikasle batentzat izan ziren, Nagore Sasietarentzat.