Neskek puntu bat poltsikoratu dute; mutilek, bat ere ez

Aitziber Arzallus 2023ko urt. 30a, 11:50

Emakumeen Ohorezko Erregional Mailako taldeak hutsean berdindu du Antiguokoren kontra, eta gizonen Espainiako Hirugarren Mailako taldeak 2 eta 0 galdu du Barakaldoren kontra.

Asteburu hobeak izan dituzte Lagun Onakeko lehen taldeek. Emakumeen Ohorezko Erregional Mailako taldeak Antiguoko izan zuen arerio larunbat arratsaldean etxean jokatu zuen norgehiagokan, eta ligako hamazazpigarren jardunaldia hutsean bukatu zuten bi taldeek. Horrenbestez, puntu bana poltsikoratu zuten. Hala ere, sailkapenean ondo kokatuta jarraitzen du Lagun Onakeko nesken lehen taldeak: seigarren postuan dago, 24 punturekin. Datorren asteburuan, berriz ere etxean jokatuko dute Unai Urbizurenek. Hain zuzen ere, Donostiako Intxaurdi taldea hartuko dute Garmendipen.

Gizonen Espainiako Hirugarren Mailako taldeak, berriz, Barakaldoren kontra jokatu zuen atzo arratsaldean Barakaldoko Lasesarre futbol zelaian, ligako hamazazpigarren jardunaldian. Seigarren minuturako neurketa aldapan gora jarri zitzaien azpeitiarrei, gol bat jasota, eta handik hogei minutura jaso zuten bigarrena, biak ere Imanol Orozcok eginda. Lehen zatia bukatzear zela, epaileak bigarren txartel horia atera zion Barakaldoko jokalari bati, eta horrenbestez kanporatu egin zuen. Bazirudien azpeitiarrei gauzak samurrago jarriko zizkiela horrek, bigarren zati guztia jokalari bat gehiagorekin jokatu zutelako, baina saiatu ziren arren, ez zuten markagailua mugitzerik lortu. Horrela, 2 eta 0 bukatu zen partida eta hiru puntuak etxeko taldearentzat izan ziren. Azpeitiarrak sailkapeneko bederatzigarren postuan daude, 21 punturekin. Datorren asteburuan, Urdulizen kontra neurtu beharko dituzte indarrak, Garmendipe futbol zelaian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide