'Irabazi arte' telesaileko atal bat eta 'Broker' filma emango dituzte asteburuan Soreasun

Julene Frantzesena 2023ko ots. 1a, 08:01

'Broker' filmaren irudi bat.

Irabazi arte ETBko telesailaren bigarren denboraldiko lehen atalaren estreinaldia Zinuema egitasmoaren barruan eskainiko dute igandean, 16:30ean. Igandean 19:30ean eta astelehenean 21:00etan Broker filma ere ikusi ahal izango da.

Asteburu honetan ere izango dira zinema emanaldiak Soreasu antzokian. Igandean, bi saio izango dira: aurrena, 16:30ean hasita, Irabazi arte telesailaren bigarren denboraldiko lehen atala ikusi ahal izango da; ondoren, 19:30ean, berriz, Broker filmaren emanaldia eskainiko dute. Astelehenean ere emango dute film hori, ohiko legez, 21:00etatik aurrera.

Irabazi arte ETBko telesailaren bigarren denboraldiko lehen atalaren estreinaldia Zinuema egitasmoaren –Uemak eta Tinkok euskarazko filmen eskaintza bermatzeko sorturiko egitasmoa– barruan emango dute. Ordubeteko iraupena izango du emankizunak, eta sarrerak Soreasu antzokiko leihatilan erosi ahal izango dira, saioa hasi baino 40 minutu lehenago.

Broker, berriz, Hego Korean egindako filma da, Hirokazu Koreedak zuzendutako drama generoko lana. Film horren igandeko eta asteleheneko emanaldietarako sarrerak honako lotura honetan eros daitezke aurrez, baina saioen egunetan ere eskuratu ahalko dira Soreasuko leihatilan. Honako hau da lanaren sinopsia: "Gau euritsu batean, neska gazte batek bere haurra eliza baten atarian uzten du. Abandonatuta utzitako haurrak lapurtzen dituzten eta horiek tarifa bat ordaintzeko prest dauden gurasoei saltzen dizkieten bi gizonek jasotzen dute jaioberria. Neska damututa elizara itzultzen denean, bi gizonen legez kanpoko negozioaz ohartzen da, eta haiekin bat egitea erabakitzen du adopzioko guraso egokienak aurkitzeko. Ezohiko errepide bidaian, haurraren bizitzan gurutzatzen direnen helmuga goitik behera aldatuko da".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide