Ekitaldi batekin ospatuko dute Azoka Plazaren bosgarren urteurrena, larunbatean

Mailo Oiarzabal 2023ko urt. 31a, 15:38

Iazko azoka egun bat, Azoka Plazan.

12:00etan hasita, azken bost urteetako ibilbidearen "errepasoa" egingo dute, besteak beste, bideo baten emanaldiarekin; eta ondoren, luntxa izango da. Azokako ekoizleez eta erabiltzaileez gain, "herritar oro gonbidatu" nahi du udalak zapatuko ospakizunera.

Datorren ostiralean, otsailaren 3an, beteko dira bost urte Azpeitiko Azoka Plaza eraberritua inauguratu zutenetik. Data hori gogoan, bost urteotan "jarritako oinarri sendoaren gainean egiteko eta hobetzeko asko" dagoela ahaztu gabe "ospatzeko ere badagoelako", ekitaldia prestatu du udalak bosgarren urteurrena ospatzeko. Zapatu eguerdirako jarri dute hitzordua: 12:00etan hasita, Azoka Plaza berriaren lehen bost urteetako ibilbidearen "errepasoa" egingo dute ekitaldian, besteak beste, bideo baten proiekzioarekin; eta luntxarekin borobilduko dute ospakizuna. Azokako ekoizleez eta erabiltzaileez gain, "herritar oro gonbidatu" nahi du udalak zapatuko ospakizunera.

"Bertako ekoizpena eta ekoizleak erdigunean jarri eta elkarrekin egindakoa gogoratzeko eguna izango da" larunbata, udalaren aburuz. Izan ere, Azoka Plaza eraberritzearekin bat bertako ekoizleekin eta Elikagunearekin ekindako bidearen eta apustuaren onurak azpimarratu nahi izan ditu erakundeak bosgarren urteurrenean: "Hasierako ziurgabetasun haiei babesarekin erantzun diete azpeitiarrek, eta hori ospatzea da helburua. Hasiera guztiak izan ohi dira zailak, baina herritarrek lehen egunetik egin dute bertakoaren eta garaikoaren alde, eta pixkanaka gero eta azpeitiar gehiagoren hautua da bertako produktuak kontsumitzea. Hala, hautu horrek zuzeneko eragina du herriko eta eskualdeko lehen sektorean eta ekonomian. Produkzioa handitzea edo lehen sektorearen dibertsifikazioa bezalako onurak ekar ditzakeelako".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide