Domusa Teknik 40 MLKek emakumeentzako antolatutako hurrengo entrenamendua larunbatean egingo dute, Leire Martinezekin

Aitziber Arzallus 2023ko ots. 1a, 09:00

Leire Martinez korrikalaria. (Carlos llerandi)

Domusa Teknik 40 MLKek antolatuta, emakumeei zuzendutako laugarren entrenamendua izango da zapatuan. Leire Martinez mendi lasterkariak gidatuko du saioa. 08:15ean abiatuko dira igerilekuaren aurretik, eta oraindik eman daiteke izena.

Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren antolatzaileak emakumeei zuzendutako hainbat entrenamendu saio ari dira prestatzen, eta horietan laugarrena zapatuan egingo dute. Ultra trail lasterketen munduan oso ezaguna den emakume batek gidatuko du saioa: Leire Martinez lasterkari santurtziarrak, hain zuzen.

Igerilekuaren aurretik abiatuko dira entrenamenduan parte hartuko duten kirolariak, 08:15etan. 20 kilometroko ibilbidea egingo dute eta norberak eraman beharko du jatekoa eta edatekoa. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, kontsigna zerbitzua egongo da, parte hartzaileek igerilekuan dutxatzeko aukera izango dute eta hamaiketakoa ere ingerileku ondoan egingo dute. 20 kilometroko

Saioan parte hartu nahi dutenek Lagun Onak Mendi Bazkunaren webgunean eman dezakete izena. Berez emakumeei zuzendutako entrenamendua izango den arren, gizonek ere izango dute parte hartzeko aukera, emakumeren batekin batera izena emanda. 

Azaroan egin zuten emakumeei zuzendutako lehen entrenamendua, Malen Osa oñatiar lasterkariarekin; abenduaren 3an bigarrena, Sara Alonso gidari zutela; eta urtarrilaren 7an hirugarrena, Oihana Kortazarrekin. Hiru saio horiek izan duten arrakasta ikusita, laugarrena antolatu dute Domusa Teknik 40 MLK probaren sustatzaileek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide