Bukatu dituzte haurtzaroko sexu abusuen inguruko jardunaldiak

Julene Frantzesena 2023ko ots. 1a, 09:37

Hainbat lagun izan ziren solasaldian. (Emakumeen Txokoa)

Norma Vazquezek eskaini zuen jardunaldietako hirugarren eta azken saioa herenegun Basazabal jauregian. Norma Vazquez aritu zen hizketan, Haurtzaroan ematen den sexu indarkeria ikuspegi feministatik izenburupean.

Herenegun bukatu ziren Sexu abusuak haurtzaroan ikuspegi feministatik. Ezkutuko errealitate matxistak izendatzen jardunaldiak. Norma Vazquezek eskaini zuen saioa Basazabal jauregian, Haurtzaroan ematen den sexu indarkeria ikuspegi feministatik izenburupean. Hainbat lagun izan ziren Sortzen aholkularitzako psikologoaren eta emakumeen aurkako indarkerian adituaren solasaldia entzuten.

Azaroaz geroztik, haurtzaroko sexu abusuen inguruko hiru hitzaldi izan dira orotara, Azpeitiko Udalak antolatuta. Haurtzaroan eta nerabezaroan ematen diren sexu abusuak ezagutzea eta ulertzea prebentziorako eta detekzio goiztiarrerako izenburupean egin zuten aurrena azaroan bertan, eta bigarrena, berriz, abenduan izan zen, Sexu abusuak haurtzaroan: begirada sozial bat gai hartuta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide