Gipuzkoako Orientazio Ligaren lehen proba egingo dute igandean Azpeitian

Mailo Oiarzabal 2023ko ots. 2a, 11:11

(Argazkia: Gipuzkoako Orientazio Taldea)

09:30ean irekiko dute harrera gunea Azoka Plazan, eta handik irtengo dira parte hartzaileak, 10:00etatik aurrera. Izena emateko epea gaur gauean itxiko dute, Gipuzkoako Orientazio Taldearen (GOT) webgunean.

2023ko Gipuzkoako Orientazio Ligaren lehen proba Azpeitian jokatuko dute igande honetan. Gipuzkoako Orientazio Taldea (GOT) da aurten bosgarren edizioa beteko duen ligaren antolatzailea.

09:30ean irekiko dute harrera gunea Azoka Plazan. Bederatzi maila edo kategoriatan banatuta lehiatzeko aukera izango dute parte hartzaileek, eta minuturo edo bi minuturo irtengo dira guztiak Azoka Plazatik, mailaren arabera, 10:00etatik aurrera; helmuga ere Azoka Plazan izango dute lehiakideek. Probarekin batera, 10:15ean, orientazioaren gaineko hamabost minutuko oinarrizko ikastaroa eskainiko dute antolatzaileek Azoka Plazan bertan. Azken irteerak 12:00etan izango dira, eta 14:00etan itxiko dute helmuga. Aurretik, 13:30ean, 2022ko ligaren sari banaketa ekitaldia egingo dute.

Igandeko proban parte hartu nahi duten herritarrek gaurko 22:00ak arte irekita izango dute izen-ematea GOTen webgunean. Sei probak osatuko dute Gipuzkoako V. Orientazio Liga. Martxoaren 12an Aiako Harrian, apirilaren 2an Ibaetan, ekainaren 4an Jaizkibelen, urriaren 15ean Arantzazun eta azaroaren 12an Mutrikun egingo dituzte gainontzekoak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide