Ehundik gora lagun 'Adinekoen zaintzaren garrantzia' jardunaldietako lehen saioan

Aitziber Arzallus 2023ko ots. 3a, 09:00

Azoka Plazako aretoa, 'Adinekoen zaintzaren garrantzia' jardunaldien lehen saioaren une batean. (Azpeitiko Udala)

Hilaren 8an egingo dute bigarren saioa. Bakardadeaz eta Adinberri elkartearen Hariak estrategiaren nondik norakoez jardungo dute Javier Yanguasek eta Ainhoa Becerrak, Azoka Plazako aretoan, 18:00etan hasita.

Herenegun, osteguna, Adinekoen zaintzaren garrantzia jardunaldien barruko lehen saioa egin zuten Azoka Plazako aretoan, eta jendetza bildu zen: ehundik gora lagun, hain zuzen. Siiseko Madalen Saizarbitoria eta Azpeitiko Udalako Gizarte Zerbitzuetako batzordeburu Leire Goenaga eta arduradun tekniko Edurne Zubia izan ziren hizlariak eta Azpeitiko adineko pertsonen beharren analisia aurkeztu zuten eta udal baliabideez eta etxebizitza tutelatuez ere jardun zuten.

Jardunaldion barruan, beste bi saio egingo dituzte datorren asteetan:

  • Otsailak 8, asteazkena.

-Gaia: Bakardadea eta Adinberri elkarteko Hariak estrategiaren nondik norakoak.
-Hizlariak: Javier Yanguas eta Adinberri elkarteko Ainhoa Becerra.

  • Otsailak 15, asteazkena.

-Gaia: Mendekotasuna duten pertsonentzako Perdillegiko zentro balioaniztunaren proiektua.
-Hizlariak: Matia institutuko Maider Azurmendi eta Enrique Etxeberria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatu Maite Peña eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide