Ordutegi aldaketa izan da udalak antolatutako patinaje ikastaroan

Ihintza Elustondo 2023ko ots. 3a, 09:54

Bi pertsona, patinatzen.

Hasieran, helduen bi talde osatzea aurreikusi zuten antolatzaileek, baina talde bakar bat osatu da. Horrenbestez, hasiberriek eta patinatzen dakitenek elkarrekin jasoko dituzte saioak; 11:00etatik 12:30era, hain zuzen ere.

Azpeitiko Udalak lehengo hilean jakinarazi zuen haurrei zein helduei zuzendutako patinaje ikastaroa antolatu zuela, patinetan ibiltzen ikasi nahi dutenentzat nahiz patinatzen jakin arren teknika hobetu nahi dutenentzat. Otsailean hasiko da ikastaroa, eta apirilera bitarteko larunbatetan eta igandeetan eskainiko dituzte saioak: otsailaren 4an, 5ean, 12an eta 18an, martxoaren 4an, 5ean, 11n, 12an eta apirilaren 1ean, 2an, 29an eta 30ean.

Hasieran, lau talde osatzea aurreikusi zuten: umeen bi talde eta helduen beste bi. Dena den, gaur jakinarazi dutenez, helduen talde bakarra osatu dute; hasiberriek eta patinatzen dakitenek elkarrekin jasoko dituzte saioak. Hori horrela, ikastaroaren ordutegian ere aldaketak izan dira: helduek 11:00etatik 12:30era jasoko dituzte saioak.

Haurrek, bestalde, bi taldetan banatuta jasoko dituzte saioak. LH1-3 maila artekoak 17:00etatik 18:30era artean elkartuko dira, eta LH4-6 mailetako gaztetxoak, berriz, 18:30etik 20:00ak artean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide