Ikastetxeetan gaur ospatuta, bihar jarraituko dute santa eskean herrian

Mailo Oiarzabal 2023ko ots. 3a, 17:54

Lasaon goiz eta arratsaldez ibiliko dira eskean Egaña eta Mantxi bertsolariak kopla kantari dituztela, eta tartean bazkaria eta bukaeran afaria izango dituzte. 19:00etan, berriz, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasleak eta gurasoak aterako dira santa eskean, Sanagustin kulturgunetik abiatuta.

Santa Ageda bezperako usadioa egun bat aurreratuta ospatu dute aurten Azpeitiko ikastetxeetan. Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain, Iraurgi Ikastetxean eta Urola Ikastolan kopla kantari eta santa eskean ibili dira gaur ikasleak eta irakasleak.

Ikasberrin jolastokian ospatu dute festa. Karmelo Etxegarain eta Iraurgin ere, gaztetxoenek jolastokiak hartu dituzte kanturako eta makilak astintzeko, baina talde batzuk kalera ere atera dira, San Martin egoitzara zein Antxieta Etxera bisitak eginez, besteak beste. Urola Ikastolakoek, urteetako ohituta berreskuratuta, kalez kale ibili dira santa eskean.

Biharko hitzorduak

Matxinbentan ez da santa eskerik egingo aurtengoan, urte askotako tradizioarekin amaituz. Azpeitiko kaleetan, berriz, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasleak eta gurasoak aterako dira kantuan bihar; 19:00etan elkartuko dira, Sanagustin kulturgunean.

Lasaon, berriz, egun osoko festa izango dute santa eskearen bueltan. 09:00etan hasita, haur, gazte eta helduak Egaña eta Mantxi bertsolariekin ariko dira kantuan. Tartean, bazkaria egingo dute, eta gauean, afaria.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide