190 parte hartzaile, Gipuzkoako V. Orientazio Ligaren lehen jardunaldian

Mailo Oiarzabal 2023ko ots. 5a, 15:51

Hiru ibilbide zituzten aukeran, 2,6 kilometrokoa laburrena eta ia sei kilometrokoa luzeena. Batzuk korrika eta beste batzuk oinez, gehienak bakarka baina taldean ere bai, adin guztietako lagunak ibili dira herriko hainbat txokotan banatutako balizen bila.

Gipuzkoako Orientazio Taldeak (GOT) antolatutako V Orientazio Liga gaur hasi da, eta Azpeitian jokatu dute lehen jardunaldi hori.

Adin guztietako 190 parte hartzailek eman dute izena gaurkorako. 10:00etatik 12:00ak arte joan dira irteten guztiak, mailaren arabera, minutuko edo bi minutuko tartearekin, Azoka Plazatik; plazako kioskoan zuten helmuga, eta 14:00etan itxi dute hori antolatzaileek.

Abiatu aurretik, parte hartzaile bakoitzak mapa bat jaso du, eguneko hiru ibilbideekin eta bakoitzari zegozkion kontrol balizen kokapenarekin. Hiru ibilbide zituzten aukeran proban parte hartu dutenek, guztiak herri barruan egitekoak: gorria (luzeena eta teknikoki zailena), 5,8 kilometrokoa eta 30 balizarekin; laranja, 4,2 kilometrokoa eta 24 balizarekin; eta horia, 2,6 kilometrokoa eta 17 balizarekin. Ibilbide irekia izan du gaurko probak; beraz, parte hartzaileek hautatutako ibilbidearen balizak beraiek aukeratutako moduan osatu behar zituzten, ez zeuden modu oredenatuan edo zehaztuan jarrita. Ibilbide osoa baliza guztietan kontrola pasatuta denbora laburrenean osatzea zen helburua, lehiatzera irten direnentzat. Horietako gehienek korrika osatu dute proba, baina beste askok oinez egin dute; antolatzaileen arabera, parte hartzaile gehienak bakarka aritu dira, baina orientazio proba taldean eta familian egin dutenak ere ez dira gutxi izan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide