Ehun bat lagunek beste horrenbeste lizar landatu dituzte gaur goizean Urolaren ibaiertzean, Azpeitiko aurtengo Zuhaitz Egunean.
Ekoetxeak deialdi irekia egina zuen igande goizerako, eta familiak izan dira, nagusiki, erantzun dutenak. 10:30etik 12:30 aldera arte, Loiolabidetik Loiolaraino doan ibaiaren kontrako pasealekuan lanean gogor aritu dira, aurrez prestatutako zuloetan sartutako hesolen kontra zuhaitz landareak zutitzen, haien sustraiak lurrarekin estaltzen eta enbor meheak hesolei sokekin lotzen. Azpeitian bertan beste orube batean zeuden lizar landareak dira gaur Urolaren ondoan landatu dituztenak. Gaurkoarekin, iaz gune berean egindako landaketa osatu dutela adierazi dute Ekoetxeko ordezkariek.
Lanak bukatutakoan, Ekoetxean elkartu dira Zuhaitz Eguneko partaide guztiak, ondo irabazitako mokadutxoa egiteko.