Bolada onean jarraitzen du Domusa Teknik ISBk

Andoni Elduaien 2023ko ots. 6a, 09:00

Jone Azkue, larunbateko partidan. (Argazkiak: Unai Murillo)

Joseba Lizarraldek zuzentzen duen taldeak hirugarren garaipena eskuratu du jarraian. 51 eta 45 garaitu zuen larunbat arratsaldean Vega Lagunera Toyota Adareva Tenerife taldea, Azkoitiko kiroldegian. Juaristi ISBk, bestalde, galdu egin zuen atzo arratsaldean Valladoliden (Espainia).

Domusa Teknik ISBk mailari eusteko bide ona hartu du. Azken hiru jardunaldietan hiru garaipen eskuratu ditu Joseba Lizarraldek zuzentzen duen taldeak; azkena, larunbat arratsaldean, Azkoitiko Elkargunean. Puntu gutxiko neurketa jokatu zuten ISBk eta Vega Lagunera Toyota Adareva Tenerife taldeak. 51 eta 45 nagusitu zen etxeko taldea, baina eskuratu zuen puntua zinez garrantzitsua izan zen ISBrentzat; izan ere, mailari eusteko borrokan murgilduta dagoen taldeetako bat da Tenerife.

Puntuz urri ekin zioten lehiari bi taldeek, batak besteari zion errespetuaren adierazle. Halere, ISBk laurdenaren amaierarako tarte txikia zabaltzea lortu zuen markagailuan (12-8). Bigarren laurdenean, ostera, minutu onak egin eta markagailua ihes egitea lortu zuten Lizarralderenek. Bisitariak, gainera, kamuts aritu ziren saskiaren aurrean. Hala, ISBk garaipenerako bidea zabaldu zuen (31 eta 14). 

Dena den, aldageletatik bueltan iritsi zen bisitarien erreakzioa. Defentsa lanean ISB estutu eta saskiaren aurrean lehen bi laurdenetan baino finago arituta, bost puntura hurbildu zen Tenerifeko taldea (38-33). Lehia azken laurdenean erabaki zuen, beraz, ISBk. Azken laurdena estua izan zen, baina Lizarralderenek zuten abantaila ondo kudeatzen asmatu zuten, eta mailari eusteko lehian funtsezkoa izango duten garaipena erdietsi zuten. Juana Maria Molina izan zen larunbatean ISBko jokalari onena. Hamalau puntu saskiratuta, hamalau puntuko balorazioa eskuratu zuen hark. Gaur-gaurkoz, sailkapeneko azken-aurreko taldea da Domusa Teknik ISB, sei garaipenekin.

Gizonen porrota Valladoliden

Juaristi ISBk 80 eta 61 galdu zuen atzo arratsaldean, Valladoliden (Espainia). Etxeko taldeak atsedenaldirako bideratu zuen neurketa; izan ere, hamabi puntu goitik hartu zuten haiek aldageletarako bidea. Etenaren ostean, lehia parekatuagoa jokatu zuten puntuei dagokionean UEMC Real Valladolid Baloncestok eta ISBk. Aldea hamar puntuko langatik jaistea ere lortu zuten Mikel Odriozolarenek, baina hirugarren laurdenaren amaieran etxekoak berriro urrundu ziren, ISBri garaipena borrokatzeko aukera guztiak kenduz.

Manex Ansorregi saskibaloi jokalari azkoitiarra izan zen ISBko jokalari onena, hamalau puntu saskiratu eta hamar puntuko balorazio erdietsita. Datorren asteburuan atseden jardunaldia izango dute Odriozolarenek. Hurrengo neurketa, ordea, hilaren 17an jokatuko du Juaristi ISBk; CB Almansa Con Afanion taldea izango dute aurkari, sailkapenean behean dabilen beste talde bat –egun, bi garaipenera besterik ez dagoen taldea da CB Almansa–. Azkoitiko Elkargunean izango da partida, 21:15ean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide