Gaur izango da 'Adinekoen zaintzaren garrantzia' jardunaldietako bigarren saioa

Nerea Uranga 2023ko ots. 8a, 09:00

Otsailaren 1ean 'Adinekoen zaintzaren garrantzia' jardunaldietako lehen saioa. (Azpeitiko Udala)

Bakardadeaz hitz egingo dute gaurko saioan Javier Yanguasek eta Ainhoa Becerrak, 18:00etan, Azoka Plazako lehen solairuko aretoan. Herritarrek eskatuta, keinu hizkuntzaren interprete batek parte hartuko du hitzaldian.

Adinekoen zaintzaren garrantzia jardunaldietako bigarren saioa izango da gaur, asteazkena, 18:00etan Azoka Plazako lehen solairuko aretoan. Bakardadeaz hitz egingo dute Javier Yanguas gerontologoa eta psikologian doktoreak eta Ainhoa Becerra Adinberri fundazioko Berrikuntza ataleko arduradunak. Besteak beste, Adinberri Fundazioaren Hariak estrategiaren inguruko xehetasunak azalduko dituzte.

Gaurko eta jardunaldietako hurrengo saioan keinu hizkuntzaren interprete batek parte hartuko du, herritarrek eskatutakoari erantzuteko.

Otsailaren 1ean hasi zituzten Adinekoen zaintzaren jardunaldiak, eta harrera bikaina jaso zuen lehen saioak, ehun lagunetik gora bildu ziren.

Otsailaren 15ean izango da hirugarren saioa, eta orduan mendekotasuna duten pertsonentzako Perdillegiko zentro balioanitzaren proiektua aurkeztuko dute. Hizlari ariko dira Matia institutuko Maider Azurmendi eta Enrique Etxeberria nahiz Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatua eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide