'Basotik itsasora 2.0' ikuskizun hibridoa bihar, Soreasun

Aitziber Arzallus 2023ko ots. 9a, 08:40

Dokumental baten proiekzioa eta dantza uztartuko ditu emanaldiak. 21:00etan hasiko da saioa, eta sarrerak dagoeneko eskuragarri daude Kulturazen webgunean.

Ostiralean Basotik itsasora 2.0 ikuskizuna emango dute Soreasu antzokian, 21:00etan hasita, eta sarrerak dagoeneko eskuragarri daude Kulturazen webgunean. Emanaldi hibridoa izango da; izan ere, alde batetik, Beñat Gerekaren Basotik itsasora dokumentalaren 30 minutuko zati bat botako dute, eta bestetik, Josu Mujikaren Basoa lana antzeztuko dute.

Basotik itsasora lanak iraganaren eta orainaren arteko mugez hitz egiten du, giza migrazioez eta errefuxiatuen dramaz. Pau (Frantzia) inguruan dagoen Gurs kontzentrazio eremuan kokatzen da ikus-entzunezkoa. Hain zuzen ere, 1939an Espainiako gerraosteko milaka desplazatuak hartzeko eremu bat pestatu zuen han Hirugarren Errepublika frantsesak.

Ondoren, hamar interprete igoko dira oholtzara Basoa antzeztera. Gurs eremuko errefuxiatuen ahotsak oinarri hartuta, Iñaki Salvadorren doinuetara Mujikak sortutako koreografiak taularatuko dituzte horiek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide