Kaldereroen konpartsa larunbatean iritsiko da herrira. Ohiko moduan, karnabalak baino astebete lehenago izango da kaldereroen kalejira Azpeitian. Herritarrak mozorrotuta eta zartaginak eskuetan dituztela aterako dira kalera, eta 19:00etan hasiko dute horiek ibilbidea Artzubia kalean. Juntadizoa eginda, San Martin egoitzatik, Goiko kaletik, plazatik, Enparan kaletik, Erdikaletik, Elizkaletik eta Donejakue kaleetatik igaroko dira, eta ibilbidearen bukaeran plazan elkartuko dira kaldereroak.
Helduek, gazteek nahiz haurrek izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera, eta urtero legez, astoak ere aterako dira karroei tiraka. Konpartsako parte hartzaileek Trapu Zaharrak eta Kalderero martxa abestiak joko dituzte ibilbidean zehar, Udal Musika Bandako eta Juan Antxieta musika eskolako kideak lagun dituztela. Azpeitiko Udalak kalejiran parte hartzeko eta trapu zaharrak zein zartaginak kalera ateratzeko deia egin die herritarrei.
Zapatu gauean, gainera, musikaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Izan ere, 22:30ean hasita, Ukabil eta McOnak taldeen doako kontzertuak izango dira Sanagustin kulturgunean.