Azpeitiko haurren buru osasuneko zerbitzua "desegiten" ari direla salatu du ELAk

Nerea Uranga 2023ko ots. 6a, 15:09

Azpeitiko anbulatorioa. (Argazkia: Kris Fernandez)

Sindikatuak adierazi duenez, urtarrilaren 31tik haurrak artatzeko buru osasunaren langilerik ez dago Azpeitiko eta Zumarragako osasun etxeetan. "Osakidetzan gertatzen ari den desegitearen isla da kasu hori", salatu du ELAk.

Joan den hilaren 31tik Azpeitiko eta Zumarragako osasun zentroetan haurrak artatzeko buru osasunerako langilerik ez dagoela salatu du ELA sindikatuak, ohar bidez. Sindikatuak esan du Osakidetzan gertatzen ari den "desegitearen isla" dela hori: "Langileak prekario, baina baita zerbitzua ere". ELAren ustez, osasun langileen prekarietatea da arazoa, eta ez langileen falta: "Langileak lan egiteko prest daude, baina beti ere lan baldintza hobeak eskaintzen bazaizkie. Horiek egonkortasun eza, behin-behinekotasun tasa handiak (%50etik gora), lanaren gainkarga sistematikoa, ordezkapenik eza edota eros ahalmenaren galera bizi dituzte".

ELAren arabera, irailaren 30era arte, Azpeitiko eta Zumarragako osasun etxeetan haur psikologiako langile bat ari zen lanean, eta egun horretan amaitu zitzaion hari aldi baterako kontratua. "Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sarearen zuzendaritzak, profesionalen falta aitzakia hartuta, zerbitzu hori hilean zortzi egunetan bakarrik joaten zen haur-psikiatra batekin betetzea erabaki zuen; kontratu hori ere aldi baterakoa zen. Urtarrilaren 31n, baina, kontratu hori bukatu egin zen, eta ondorioz, zerbitzu hori gabe gelditu dira Zumarragako eta Azpeitiko buru osasuneko zentroak".

Osasun zerbitzu publikoaren faltan, herritarrek osasun pribatura gero eta gehiago jotzen dutela adierazi du ELAk. "Gipuzkoan, aseguru mediko pribatuen kontratazioa zortzi aldiz handitu da pandemia hasi zenetik, eta 2021ean beste inon baino aseguru mediko gehiago sinatu ziren", esan du sindikatuak

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide