Ane Bastidak Zelanda musika taldea utzi du

Julene Frantzesena 2023ko ots. 7a, 09:22

Ane Bastida Zelanda taldearekin Azpeitian eskaini zuen kontzertuan. (Kulturaz kooperatiba)

Duela urte eta erdi talde horrekin hasitako bidea utzi du baxu jotzaile azpeitiarrak. Taldean egin duen ibilbidea "motza" izan bada ere, "askorako" eman duela azaldu du hark.

Duela urte eta erdi hasitako bidea uztea erabaki du Ane Bastida Zelanda taldeko baxu jotzaileak. Hain zuzen ere, aurrerantzean ez du musika talde horretako kide izaten jarraituko, Bastidak berak sare sozialetan adierazi duenez. Taldean egin duen ibilbidea "motza" izan bada ere, "askorako" eman duela azaldu du hark. "Esperientzia berriak bizi, musikaren mundu beste puntu batetik ezagutu, herri eta oholtza berriak zapaldu eta gauza berri pila ikasteko aukera izan dut".

Dena den, haren hitzetan, "familia pixkanaka nola joan den handitzen ikustea eta pertsona nahiz lagun top-ak ezagutzea izan da politena". Bastidak eskerrak eman dizkie Zelandako kideei eta lagunei: "Nahiz eta gure bideak banandu, jakin gertutik jarraituko zaituztegula".

2021eko udaren bueltan sortu zuten taldea Bastidak, haren anaia Iñakik eta Fran Uriasek, eta ordutik hainbat kontzertu eskaini ditu taldeak han eta hemen, baita Azpeitian ere. Bastidarentzat, baina, ez da izan aurreneko musika taldea: Lauroba eta Hesian taldeetan ere aritutakoa da azpeitiarra.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide