Itaiaren pala txapelketaren finala jokatuko dute larunbatean

Aitziber Arzallus 2023ko ots. 8a, 09:27

Txapelketaren barruan aste honetan jokatu duten partidetako bat. (Itaia)

Hamahiru bikotek parte hartu dute joan zen hilean hasi zuten lehian. Azpeitiko Frontoi Txikian jokatuko dituzte finalaurrekoak eta finala, larunbatean, 10:00etan hasita. Azoka Plazan bazkaria egingo dute ondoren.

Urola Erdiko Itaiak antolatutako bikotekako Emakumeon I. Pala Txapelketaren finalaurrekoak eta finala jokatuko dituzte larunbatean Azpeitian. Jaialdia Frontoi Txikian izango da, 10:00etan hasita. Finalaurreko partidak jokatuko dituzte aurrena; eta ondoren, 12:00 aldera, izango da finala. Sari banaketaren ostean, bazkaria egingo dute Azoka Plazan, eta horrekin emango diote bukaera txapelketari. 

Urola Erdiko Itaiak txapelketa antolatu duen lehen aldia izan da aurtengoa. "Urola Erdiko Itaia duela bi urte pasatxo hasi zen martxan. Hasieratik, garrantzi handia eman diogu lan ideologikoari, eta hainbat espazio jarri ditugu martxan genero problematika klase ikuspegitik lantzeko, hala nola Emakume Langileon Eskolak edota Indarkeria Matxistari Aurre Egiteko Asanblada. Baina, horrez gain, eskualde mailan elkar ezagutzeko eta sozializatzeko aisialdirako eremuak sortzea ere ezinbestekoa zaigu, eta helburu hori lortzera begira, Emakumeon I. Pala Txapelketa antolatu dugu", azaldu dute Itaiako kideek. "Pozik" dira lehen edizioak izan duen harrerarekin eta parte hartzearekin; izan ere, eskualdeko hamahiru bikotek parte hartu dute lehian.

Joan den hilean ekin zioten txapelketari, eta aste honetan bertan ari dira final laurdenak jokatzen, larunbateko finalaurrekoetara nor sailkatu erabakitzeko. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, larunbatean, bikote guztiek Frontoi Txikian egon beharko dute 09:30erako. Bazkaria, berriz, 14:30ean izango da Azoka Plazan, eta dagoeneko salgai daude txartelak Azpeitiko Haginpe tabernan. Dena dela, bertan erosteko aukera ere egongo da

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide