Arana Goikoan hasi dituzte espaloiak eta ur azpiegiturak hobetzeko lanak

Nerea Uranga 2023ko ots. 8a, 12:27

Arana Goikoa auzoan espaloiak eta ur azpiegitura berritzeko obran hasi dira. (Argazkia: Azpeitiko Udala)

Arana Goikoa auzoko ur hoditeria eta eta espaloiak berrituko dituzte, Gipuzkoako Urak eta Azpeitiko Udalak duten hitzarmenaren bidez. Lanak egiteko hemezortzi aste beharko dituztela aurreikusi dute.

Aste honetan hasi dira Arana Goikoa auzoan ur hornidura sarea hobetzeko lanean. Auzoko ur hoditeria eta espaloiak berrituko dituzte, hemezortzi asteko epean. Obrak Gipuzkoako Urak eta Azpeitiko Udalak duten hitzarmenaren barruan egingo dituzte, eta bi erakundeen artean 445.745 euro inbertituko dituzte Arana Goikoan ur azpiegiturak berritzeko.

Lanak egin bitartean sor daitezkeen arazo eta eragozpenengatik "barkamena" eskatu die udalak auzokideei.

Arana Goikoa auzoko ur hornidura sarea hobetzeko, fibrozementuzko hodiak eta galvanizatuak kenduko dituzte, eta fundiziozkoak jarriko. Era horretan, auzoan "ur kantitate eta presio hobea" jasoko dute auzotarrek, udalak esan duenez. Saneamenduko sarean, berriz, ur zikinak eta euri urak banatzeko obrak egingo dituzte. Ur azpiegiturak berritzearekin batera, espaloiak berritu eta irisgarritasuneko araudira egokituko dituzte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide