II. Euskal Duatloiaren kanporaketa jokatuko dute larunbatean 21 kirolarik

Nerea Uranga - Andoni Elduaien 2023ko ots. 9a, 18:47

Zezen plazan egin dute duatloiaren aurkezpena ordezkariek eta kirolariek. (Andoni Elduaien)

Aizkoran launa egur ebaki eta lasterka bina kilometro egin beharko dituzte partaideek. Larunbatean, 17:30ean hasiko da kanporaketa Azpeitiko zezen plazan, eta 16:30ean irekiko dituzte ateak. 22 minutu izango dituzte kirolariek lanak amaitzeko, bestela kaleratuak izango dira.

Azpeitiko zezen plazak herri kirolaren beste txapelketa bat hartuko du etzi; aizkorako eta lasterkako probak uztartuko dituen II. Euskal Duatloiaren lehen kanporaketa jokatuko dute. 21 kirolarik parte hartuko dute, 17:30ean hasita, Azpeitiko zezen plazan jokatuko den II. Euskal Duatloiaren lehen kanporaketan.

Aizkorako eta korrikako probak egin beharko dituzte parte hartzaileek: 45 ontzako etzandako bi egur ebaki beharko dituzte aurrena, segidan bi kilometro egin beharko dituzte lasterketa, eta bukatzeko, 45 ontzako zutikako bi egur ebaki beharko dituzte.

II. Euskal Duatloiaren kanporaketan parte hartzeko izena eman duten kirolarien artean sei dira gipuzkoarrak: Axel eta Etxeluze (Astigarraga), Garaiburu (Berastegi), Olasagasti (Donostia), Suharri (Hernani) eta Zaldua (Zumarraga). Bederatzi dira nafarrak: Dani Vicente (Otsagabi), Julen Kañamares eta Oier Kañamares (Arostegi), Mindegia (Zubieta), Olano (Leitza), Pellejero (Areso), Santamaria (Iturgoien), Saralegi (Errazkin) eta Soroa (Arribe). Arabarrak, berriz, bi dira: Corchero (Araia) eta Jauregi (Ilarduia). Bizkaitarra, aldiz, bakarra da; Utxu (Dima). Espainiako hiru kirolari ere ariko dira kanporaketan: D. Lopez eta Naredo asturiarrak eta Emilio Garcia segoviarra.

Kanporaketa sei txandatan banatuta jokatuko dute, eta bakoitzean hiru edota lau kirolarik parte hartuko dute. Txanda bakoitzean zein kirolari ariko den erabakitzeko zozketa etzi egingo dute, 16:30ean, eta ordurako partaideek Azpeitiko zezen plazan egon beharko dute. Kirolariek 22 minutu izango dituzte lanak bukatzeko, eta denbora horretan egiten ez badute, kanporatu egingo dituzte. Etziko kanporaketan lan onena egiten duten sei kirolariak martxoaren 5eko finala jokatzeko sailkatuko dira.

Jose Angel Sarasola esatariarekin batera, Garikoitz Etxeberria II. Euskal Duatloiaren antolatzaileak eman ditu probaren inguruko xehetasun guztiak, eta hark esan du "ikuskizun handia" izango dela larunbatean plazan. "Kirolari berriak izango dira plazan, aurpegi berriak", azaldu du hark. Egoitz Arruti Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburuak ere bide beretik jo du, eta halako proba antolatzeko antolakuntzak egin duen lana eskertu du. "Azken urteetan herri kirolaren alde egiten ari zareten lanaren erakusgarri da duatloi hau. Ikusi besterik ez dago zenbat kirolari dauden lehiarako prest. Ikuskizun handia izango da larunbatean, eta herritar guztiak probaz gozatzera gonbidatuko nituzke", gehitu du Arrutik. Sarasolak, berriz, babesleen eta kirolarien ahalegina eskertu nahi izan du: "Kirolari nolabait eusten ari dira babesleak eta kirolariak, eta segi dezatela modu horretan", adierazi du hark.

Mahaian, ezkerretik eskuinera, Arruti, Etxeberria eta Sarasola.

Sarrerak, salgai

Kanporaketako sarrera 20 euro kostatuko da, eta aurrez eros daiteke Azpeitiko Mendizabal erretegian edota Tolosako (Gipuzkoa) Kantabriko tabernan. Dena den, Azpeitiko zezen plazako leihatilan erosteko aukera ere egongo da; leihatila 16:00etan irekiko dute, eta zezen plazako ateak, berriz, 16:30ean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide