Zeramika tailerra antolatu dute Dinamoan

Nerea Uranga 2023ko ots. 10a, 12:29

Zeramika. (Argazkia: Dinamoa sormen gunea)

Hogei orduko ikastaroa izango da, eta Jonathan Escapa sortzaileak eskainiko du. Tailerraren oinarria buztinarekin lana egiteko hainbat modu eta bide esploratzea izango da. Izena eman daiteke dagoeneko.

Zeramika tailerra antolatu dute Dinamoa sormen gunean, "zeramika sorkuntzarako baliabide egokia" dela sinistuta. 2022an Sorkuntza Beka jaso zuen Jonathan Escapak emango ditu saioak. Dinamoko kideek azaldu dutenez, Escapak materialaren bidez pentsatzen du: "Artea, artisautza, eskulana eta diseinuaren arteko mugak ikertzea eta horien inguruan eraiki diren konbentzioak kolokan jartzea gustatzen zaio".

Tailerraren oinarria buztinarekin lana egiteko hainbat modu eta bide esploratzea izango da. Materiala ezagutu, ahalmenak eta mugak aztertu, aukera ezberdinak probatu, eta material hori beste batzuekin harremanetan jarrita zer sor daitekeen ikusiko dute ikastaroko parte hartzaileek.

Saioak asteazkenetan 18:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 09:00etatik 13:00etara izango dira, Dinamoa sormen gunean. Guztira, hogei ordu izango dira, apirilaren 5era bitartean. Izen-ematea 50 euro ordaindu beharko da, eta Kultur Bonoa dutenek, berriz, 30 euro. Gehienez, hamar laguneko taldea osatuko dute, eta taldea osatzeko orduan izen emate hurrenkera hartuko dute kontuan. Izena honako lotura honetan eman behar da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide