Harrera bikaina izaten ari dira 'Adinekoen zaintzaren garrantzia' jardunaldiak

Nerea Uranga 2023ko ots. 11a, 09:00

'Adinekoen zaintzaren garrantzia' jardunaldiko otsailaren 8ko saioa, Azoka Plazako aretoan. (Argazkia: Azpeitiko Udala)

Dagoeneko bi saio egin dituzte, eta bietan ehun lagunetik gora bildu dira. Datorren asteazkenean, Azpeitian eraikitzea aurreikusten den harrera eta mendekotasuna dutenentzako zentroa aurkeztuko dute. Saio hori Sanagustin kulturgunean izango da, 18:00etan hasita.

Azpeitiko Udalak antolatutako Adinekoen zaintzaren garrantzia jardunaldiko lehen bi hitzaldiak egin dira dagoeneko, eta biek herritarren aldetik "harrera bikaina" izan dute, Azpeitiko Udalak adierazi duenez. Azoka Plazako lehen solairuko aretoan egin dira, eta bete egin da bi kasuetan, ehun lagunetik gora elkartuz.

Jardunaldi horien barruko hirugarren eta azken saioa datorren asteazkenean, otsailaren 15ean, da. Kasu horretan, hitzaldia Sanagustin kulturgunean egingo dute, 18:00etan hasita. Orduan, mendekotasuna duten pertsonentzako Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Perdillegin egin asmo duten zaintza-ekosistema integralerako zentro berriaren proiektua aurkeztuko dute jendaurrean. Proiektua osatu duten Maider Azurmendi eta Enrique Etxeberria Matia Institutuko kideak, Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatuak eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak parte hartuko dute proiektuaren aurkezpenean.

Itzulpen zerbitzua eskatzeko aukera

Zentro berriaren aurkezpeneko asteazkeneko saioa euskaraz izango da. Baina herritarrek itzulpen zerbitzua eskatzeko aukera izango dutela jakinarazi du udalak; gaztelerako edota keinu hizkuntzako itzulpen zerbitzua eska daiteke. Horretarako, otsailaren 14rako (asteartea) eskaera egin eta izena eman beharko dute 943-15 71 85 telefono zenbakira deituta edota komunikazioa@azpeitia.eus helbide elektronikora idatzita. 

Udalak zehaztu du gaztelerarako itzulpena Telegram aplikazioaren bidez entzuteko aukera izango dela. Beraz, hitzaldia gazteleraz jarraitu nahi dutenek beren sakelako telefonoan Telegram aplikazioa izan beharko dute eta aurikularrak eraman beharko dituzte saiora; Sanagustinen bertan aplikazioa erabiltzeko laguntza eskainiko dutela aurreratu du udalak.

Aurreko bi hitzaldiak bideoz ikusteko aukera dago honako bi loturetan:

- Bakardadea eta Adinberri elkartearen Hariak estrategiaren inguruko hitzaldia.

- Azpeitiko adineko pertsonen beharren analisiaren aurkezpeneko hitzaldia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide