Karnabalak 2023

Trapu zaharrak soinean eta zartaginak astinduz, karnabalak iragarri dituzte kaldereroek

Ihintza Elustondo 2023ko ots. 11a, 20:48

Karnabalak gertu diren seinale, kaldereroen kalejirak hartu du gaur Azpeitia. Jende ugarik parte hartu du desfilean, eta giro ederra sortu da.

Karnabal giroan murgiltzen hasi da dagoeneko Azpeitia. Izan ere, kaldereroen konpartsak jai giroa ekarri du iluntzean herrira. Herritarrak trapu zaharrak soinean eta zartaginak eskuetan dituztela atera dira kalera.  19:00etan jende ugari elkartu da Artzubia hiribidean, San Martin egoitzaren parean. Handik Goiko kalera joan dira, eta plazatik, Enparan kaletik, Erdikaletik, Elizkaletik eta Donejakue kaleetatik igaro dira, ibilbidea plazan amaituz. Han elkartu dira guztiak, eta kaldereroen betiko abestiak kantatuz, jai giroan amaitu dute kalejira.

Helduek, gazteek nahiz haurrek parte hartu dute kaldereroen desfilean, eta urtero legez, astoak ere atera dira umeak zeramatzaten karroei tiraka. Konpartsako parte hartzaileek Trapu Zaharrak eta Kalderero martxa abestiak jo dituzte ibilbidean zehar, Udal Musika Bandako eta Juan Antxieta musika eskolako kideak lagun zituztela.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide