Etxean berriro ezinean, eta etxetik kanpo aise nagusi

Mailo Oiarzabal 2023ko ots. 13a, 10:17

Lagun Onak-Aurrera Ondarroa partidaren une bat. (Aurrera Ondarroa)

Lagun Onaken gizonen talde nagusiak puntu bakarra batu zuen Garmendipen, Ondarroako Aurrerarekin bana berdintuta. Emakumeek, aldiz, garaipen argia (0-4) lortu zuten Amaikak Bat Mutrikuren zelaian.

Espainiako Hirugarren Mailan berdinketa eta Emakumeen Ohorezko Erregional Mailan garaipena. Emaitza horiek laburtzen dute Lagun Onak futbol klubaren bi talde nagusien asteburua.

Gizonen talde nagusiak bana berdindu zuen zapatu arratsaldean Garmendipen, Ondarroako Aurrera taldearen kontra. Bigarren partida jarraian zuten etxean Ander Avellanedaren taldekoek, bigarrena jarraian sailkapenaren behetik duen talde baten kontra; eta aurreko astean Urdulizen kontrakoa baino hobea izan arren, uzta txikia lortu zuten. Partidako bi golak lehen zatian iritsi ziren. Ondarroakoek egin zuten 0-1ekoa, 19. minutuan falta jaurtiketa bat baliatuta, etxekoei neurketa aldapan gora jarriz. Hala ere, lehen zatia amaitzeko zorian zela lortu zuen markagailua berdintzea Lagun Onakek: penaltia pitatu zuen epaileak etxekoen alde, eta Jagobak ez zuen gola egiteko aukera galdu. Beraz, hutsetik hasi ziren berriro bi taldeak bigarren zatian, baina markagailua ez zen gehiago aldatu. Neurketaren hondarrean, bigarren txartel horia jaso zuen Ibarbiak, eta hamarrekin bukatu zuen partida Lagun Onakek.

Azken bi asteburuetan etxean jokoan izan dituen sei puntuetatik bakarra eskuratuta, egutegiari begiratuta sailkapenaren atzeko postuetatik aldentzeko aukera ona zirudienari ez dio etekinik atera Azpeitiko taldeak. Aitzitik, sailkapeneko hamargarren tokian eta 22 punturekin, jaitsiera postuetatik puntu bakarrera dago uneotan Lagun Onak. Datorren zapatuan Basconiaren zelaian jokatuko du Avellanedaren taldeak.

Garaipen argia

Bestelako aldartearekin itzuli ziren Azpeitira Emakumeen Ohorezko Erregional Mailakoak Mutrikutik, Amaikak Bat Mutriku taldeari 0-4 irabazi ondoren. Sailkapenaren azken hirugarren postuan dagoen taldearen etxean aritu ziren Unai Urbizuren taldekoak, eta erraz nagusitu ziren. Partida hasi eta berehala, bigarren minutuan, egin zuen Eneritz Landak gola, eta atsedenaldira joan aurretik erabakita utzia zuen neurketa Lagun Onakek. Penalti jaurtiketa batekin iritsi zen bigarren gola, Malen Astigarraren oinetatik, eta Ane Mantxolak egin zuen hirugarrena. Horrenbestez, 0-3 bukatu zen lehen zatia. Azpeitikoek lanak ondo aurreratuta, lehen zatiko gol festarik ez zen izan bigarrengoan, baina, hala ere, laugarren gola egin zuen Naira Sudupek, korner batean.

Joan den asteburuan batutakoekin, 30 puntura iritsi da Lagun Onak eta seigarren postuan jarraitzen du, ligako hemeretzigarren jardunaldia osatu ondoren. Karnabaletako asteburuan atseden hartuko du Emakumeen Ohorezko Erregional mailak, otsailaren azken asteburuan hogeigarren jardunaldiarekin itzultzeko. Lagun Onakek etxean jokatu du hurrengo jardunaldi horretan, sailkapenaren azken tokian dagoen Urnietaren kontra.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide