Julen Agirrek gidatuko du Grafiaz Betearen laugarren saioa

Aitziber Arzallus 2023ko ots. 15a, 09:40

Hilaren 23an, ostegunez, izango da saioa, Dinamoan, 18:00etatik 20:00etara, eta esku grafia landuko dute. Sarrerak dagoeneko eskuragai daude Kulturazen webgunean.

Kulturaz kooperatibak Grafiaz Betea egitasmoaren beste saio bat antolatu du hilaren 23rako. Ikasturteko laugarrena izango da, eta oraingoan esku grafia landuko dute, Julen Agirre azpeitiarraren gidaritzapean.

Antolatzaileek azaldu dutenez, Agirrek irudiekin bakarrik lan egitea proposatzen du ariketa honetan. "Ikerketa artistiko baten parte diren irudi hauek, parekatuta egongo dira aldez aurretik. Egin beharreko lana aurrez parekatutako bi irudiekin lotura egingo duen hirugarren irudi bat marraztea izango da. Harreman horiek guk egitea proposatzen du, intuiziotik eta prozesuan zehar hitzik erabili gabe, ez ahoz ez idatziz. Behin amaituta, eta soilik orduan, ariketari buruz hitz egingo dugu".

Saioa Dinamoa sormen gunean izango da, 18:00etatik 20:00etara, eta sarrerak dagoeneko eskuragai daude Kulturazen webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide