Lehen sorospen ikastaroa antolatu du Baigerak apirilerako

Aitziber Arzallus 2023ko ots. 14a, 11:35

DYAk emango du ikastaroa eta lau orduko iraupena izango du. Apirilaren 11n bi orduko saio teorikoa egingo dute, eta 13an, beste bi orduko saio praktikoa; biak 16:00etatik 18:00etara. Interesdunek Baigerako bulegora joan beharko dute izena ematera. 

Baigerak lehen sorospen ikastaroa antolatu du apirilerako. DYAko kideek emango dute ikastaroa eta lau orduko iraupena izango du. Hain zuzen ere, apirilaren 11n, 16:00etatik 18:00etara, bi orduko saio teorikoa egingo dute; eta 13an, 16:00etatik 18:00etara, bi orduko saio praktikoa. Ikastaroan parte hartu nahi dutenek Baigerako bulegora bertaratu beharko dute izena ematera. 

Saio teorikoan, larrialdi batean aurkituz gero zer egin beharko litzatekeen azalduko dute DYAko kideek. Honako kasuak nola artatu irakatsiko diete ikastaroan parte hartzen dutenei: arnasketa bidearen buxadurak, odol jario larriak, erredurak, gorputz arrotzak, zaintiratuak, hausturak eta lokadurak, bularreko mina, garunetako hodietako istripua, konbultsioak, konortea galtzea.

Saio praktikoan, berriz, honakoak irakatsiko dizkiete: kanpoko desfibrilagailu erdi automatikoak nola funtzionatzen duen eta nola erabili behar den, oinarrizko bihotz biriken suspertzearen maniobrak praktikatzen eta kanpoko desfibrilagailu erdi automatikoa teknika horiei gehitzen.

Antolatzaileek adierazi dutenez, "teoria zein lehen sorospenerako tresnak ezagutzea oso interesgarria da larrialdi kasu bat gertatuz gero, eta ahalik eta jende gehienarengana iristea da gure helburua". Jakinarazi dute apirilerako antolatu duten ikastaroa euskaraz izango dela, baina euskara menderatzen ez duen jende nahikoa balego, prest agertu dira gaztelaniaz beste ikastaro bat antolatzeko. Interesa duen orok Baigeraren bulegora bertaratu beharko du izena ematera. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide