Hantxe bertan

Maite Zubizarreta: "Lagunekin zurito bat hartzeak ematen duena falta zait Eslovakian"

Ihintza Elustondo 2023ko ots. 17a, 09:00

Duela hilabete batzuetatik, Eslovakian bizi da Maite Zubizarreta (Azpeitia, 1995). Bilboko ingeniaritza enpresa batean egiten du lan, eta enpresa horrek munduko hainbat lekutan ditu bulegoak, tartean, Eslovakian. Hasieran, bilera batzuetara joaten hasi zen hara, baina gero, han gelditzeko aukera eskaini zioten. Baiezkoa eman zuen: "Ez nuen zalantzarik egin. Izan ere, ikasteko sekulako aukera da". 2023ko otsaileko Uztarria aldizkariko Hantxe bertan ataleko elkarrizketa da hau.

Eslovakia ez da jende askok bidaiatzeko aukeratu ohi duen lekua...

Ez. Uste dut lan aukeragatik izan ez balitz sekula ez nukeela herrialdea zapalduko. Lanean ari naizena bezalako ingeniaritza proiektuak ezerezaren erdian gauzatu ohi dituzte normalean, eta gune horietan ez da erraza izaten norberak bere bizimodua egitea. Ni bizi naizen lekua, Kosice, aldiz, hiri handia da, Eslovakiako bigarren handiena; 240.000 biztanle inguru ditu. Gainera, ez dago Euskal Herritik hain urrun. Arrazoi horiengatik iruditzen zitzaidan leku aproposa.

Nolako lekua da bizitzeko?

Aukera aldetik, denetarik dago, edozein hiritan bezala, baina giroari dagokionez, oso lasaia da.

Zer-nolakoa da zure egunerokoa Kosicen?

Astelehenetik ostiralera egiten dut lan, bulegoko ordutegian. Lana amaitzean, zenbait egunetan, gimnasiora joaten naiz. Ostiraletan, agian, lankideekin afaltzen dut. Gainera, Norvegiako lagun batzuk-eta egin ditut, eta batzuetan haiekin ere egiten ditut planak: mendira-eta joaten gara. Eta etxean egiten ez nituenak ere egiten ditut; igande goizetan etxea garbitu, arratsaldeetan aste osorako otorduak prestatu... Errutina lasaia daukat.

Lau astez Eslovakian lan egin ostean, astebete handik kanpo igarotzeko aukera ematen dizu enpresak. Aste horretan, Azpeitira itzultzen zara, ala bidaiatzeko aprobetxatzen duzu?

Azpeitira itzultzen naiz. Bidaiatzeko aprobetxatu izan ditut asteburuak: Budapestera joan naiz, Poloniara ere bai... Viena eta Praga bisitatzeko gogoa ere badut, gertu gelditzen zaizkidalako. Baina libre eman ohi didaten aste horretan asko eskertzen dut etxera bueltatzea. Lagunekin eta familiarekin egon, parranda pixka bat egin... Primeran etortzen zait dosi hori.

Eslovakiako eta Euskal Herriko bizimoduak oso ezberdinak al dira?

Bai, baina Eslovakia ere Europan dagoenez, kultura talka handirik ez dut nabaritu. Hori bai, Azpeitian daukagun giroa ez dago inolaz ere Eslovakian; neguan ez dago kale bizitzarik.

Hotza egiten al du?

Sekulakoa. Orain sekulako hotza ari da egiten. Gainera, 15:00etan iluntzen du, eta kalean ez da inor egoten. Eslovakiako jendea Euskal Herrikoa baino hotzago iruditzen zait.

Leku hotzetan, jendea ere hotzago?

Bai, sentipen hori izan dut.

Zeren falta sumatzen duzu Azpeititik?

Kale giroarena; horrek bizia ematen dit. Batez ere, lagunen hutsunea sumatzen dut. Arratsalde batean lagunekin Korralen eseri eta zurito bat hartzeak ematen dizuna... Hori falta zait Eslovakian, eta familia ere bai.

Bizitza guztia eman duzu saskibaloian. Noiz eta zergatik utzi zenuen?

Duela bi urte inguru. Azken urteetan arrastaka ari nintzen. Hiru lesio larri izan nituen; lotailu gurutzatua hautsi nuen hiru aldiz 16 urtetik 20ra artean. Ordutik aurrera, gero eta gehiago sufritzen nuen mentalki, eta lanarekin ere ez nintzen iristen lehengo konpromiso mailara. Orduan, pentsatu nuen: "Zertan ari naiz?". Egia esan, laga nuenean sekulako liberazioa sentitu nuen.

Bizitzako etapak, ezta?

Hori da. Pena da lagunartean genuen giroa galtzea, niri asko eman baitit saskibaloiak. Baina momentu hartan behar nuen uztea. Gabonetan egin duzu azken bidaia Azpeitira.

Noizko hurrengo hegazkina?

Karnabaletan itzuliko naiz berriro. Dena ondo pentsatuta daukat [barreak].

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide