Jakin-mina eragin du Perdillegin eraiki asmo duten mendekotasuna dutenentzako zentroak

Nerea Uranga 2023ko ots. 16a, 15:42

'Adinekoen zaintzaren garrantzia' jardunaldietako atzoko saioa, Sanagustin kulturgunean. (Argazkia: Nerea Uranga)

Adinekoen zaintzaren garrantzia jardunaldietako hirugarren eta azken saioan aurkeztu dute zentroaren aurreproiektua Gipuzkoako Foru Aldundiko, Azpeitiko Udaleko eta Matia Fundazioko ordezkariek, Sanagustin kulturgunea goraino beteta dela.

Biztanleriaren zahartzeari aurre egitea izango da datozen urteotako erronka nagusietako bat, eta horri lotuta, Adinekoen zaintzaren garrantzia jardunaldiak egin ditu Azpeitiko Udalak. Hiru saiok osatutako jardunaldiak izan dira, eta hirurek harrera bikaina jaso dute. Hirugarren eta azken saioa atzo arratsaldean izan zen Sanagustin kulturgunean, eta aretoa goraino bete zen. Atzokoan, aurreneko aldiz, Perdillegin eraiki asmo duten mendekotasuna duten pertsonentzako zentro balioaniztunaren aurreproiektua erakutsi zuten jendaurrean. Aurkezpen saio horretan, Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatuak, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Matia Fundazioko Erkuden Aldazek, Maider Azurmendik eta Enrike Etxeberriak parte hartu zuten.

Enrike Etxeberria, Erkuden Aldaz, Maite Peña, Maider Azurmendi eta Nagore Alkorta , atzo Sanagustin kulturgunean. (Argazkia: Azpeitiko Udala)

Gipuzkoan gizarte politiketan "eredu propioa" jorratzen ari direla azaldu zuen Peñak, erakunde publikoen, elkarte publikoen eta pribatuen nahiz eragile komunitarioen artean. Orain dela lau urte "jauzi kualitatiboa" egin zutela adierazi zuen, "zerbitzu pertsonalizatua" xede hartuta lanean hasiz. "Zer da pertsonalizazioa? Pertsona bakoitzaren nahi eta desioak kontuan hartuta, profesionalen eta familien parte hartzearekin eta komunitatearekin lotuta, zerbitzua eskaintzea", azaldu zuen Gizarte Politiketako diputatuak. "Adineko pertsonen hamarretik zortzik etxean egotea nahi dute, baina ongi artatuta", Peñaren arabera. Hori posible ez den kasuetarako, eredu berriak sortzen ari dira. Dagoeneko, Gipuzkoako hamabi udalerritan hainbat proiekturekin lanean ari dira, eta beste lau udalerritan martxan jartzear dituzte. Pasaian hasi zuten etxez etxeko proiektua aipatu zuen Peñak. "Orain dela sei urte jarri genuen martxan, eta emaitzak baditugu ikusteko non dauden zailtasunak, beharrak eta indarguneak".

Etxez etxeko zerbitzuaz gainera, pertsonalizazioa bultzatzeko egoitzen eredua aldatu beharra azpimarratu zuen Peñak. "Gipuzkoako egoitzen egoera oso desberdina da. Dena den, zaintza zerbitzu pertsonalizatua eskaintzeko, esaterako, komuna duten banakako gelak bultzatzen ari gara; beti ere komunitatearekin lotura bultzatuz, uste dugulako sinergiak sustatu behar direla". Era horretako proiektuak bultzatzeko, erakundeen eta eragile pribatuen arteko elkarlana ezinbestekoa dela esan zuen, eta horren adibide jarri zuen Azpeitiko zentro berriaren egitasmoa.

"Zaintza ekosistema integrala" helburu

Ildo berari helduz hartu zuen hitza Azpeitiko alkateak atzoko saioan: "Oso garrantzitsua da elkarlanean jardutea, eta foru diputatuari nahiz Matia Fundazioari eskerrak eman nahi dizkiet". 2020an herriko eta herritarren beharrak ezagutzeko diagnostikoa egin zuen udalak. "Azterketa haren emaitzen artean, azpiegitura berri baten beharra agertu zen, eta ordutik Aldundiarekin egindako bilera askoren ostean, azpiegitura hori egiteko eremua Perdillegi izango zela erabaki zen, eta bi urteko lanketaren ondoren aurreproiektua dugu esku artean", esan zuen Alkortak. Zentro berriaren proiektuarekin batera, pertsona ardatz hartuta, "zaintza ekosistema integrala" sortzea dute helburu. "Adineko bakoitzaren egunerokora egokituko den zaintza ekosistema sortu nahi dugu, ez adinekoak sistemara egokituko direna". Alkatearen arabera, zaintzaren arloak aldaketa beharra du, eta Perdillegirako aurreikusi duten egitasmoak hori ahalbidetuko du.

Herriaren zahartzeari aurre hartzeko eta izan daitezkeen askotariko egoerei eta beharrei erantzuteko "kalitatezko zerbitzuak" eskaini behar direla azpimarratu zuen Alkortak. Zaintzarekin lotutako zerbitzu berriekin lanean hasita daudela azaldu zuen; hala nola 2022ko urtarriletik etxez etxeko laguntza integraleko programa dute abian. Horrez gainera, bestelako azpiegitura batzuen beharra ere badelako, Perdillegin mendekotasuna duten pertsonentzako zentro integralaren proiektuari heldu diote. "Azken batean, baliabideen sarea sortzea dugu helburu", esan zuen alkateak.

Atzoko saiorako jendez bete zen Sanagustin kulturgunea. (Argazkia: Nerea Uranga)

Proiektuaren izaera eta egitura

Agintari politikoen ondoren, zentro berriaren aurreproiektua landu duten Matia Fundazioko kideek hartu zuten hitza. "Pertsona erdigunean jarrita, komunitatearekin lotura duen modelo mistoarekin eta tokira egokituz ondu dugu egitasmoa. Horretarako ardatz hartu ditugu duintasuna, autonomia, zeharkakotasuna, erantzukidetasuna eta parte hartzea", esan zuen Aldazek. Hori guztia, "kasu kudeaketa metodologiaren" bidez egiten dute: "Laguntza eskaintzeaz haratago, pertsona bakoitzak zer gaitasun dituen kontuan hartuz, eta pertsonaren bizi proiektuari jarraipena emateko aukera eskainiz osatu dugu". Aldazen hitzetan, hori lortu ahal izateko, koordinazioa eta baliabideen optimizazioa behar dira, baita arlo komunitarioan lan egitea ere, boluntariotza eta herriko sareak sustatuz, sentsibilizazio kanpainak eginez edota lagunkoitasun mugimenduak sortuz.

Egiteko moduaz hitz egin ostean, zaintzarako askotariko etxebizitza ereduak daudela azaldu zuen Azurmendik. "Zaintza duten etxebizitzak edota bizitza guztirako etxebizitzak ditugu. Esaterako, etxebizitza tutelatuetan neurri bateko zaintza behar dutenak bizi dira, baina mendekotasun handiagoa dutenean, bestelako zaintza eskaintzen duen etxebizitza eredu bat behar dugu, eta hori da Azpeitiko zentro berriarekin eskaini nahi dena". Alegia, egun egoitzek duten "eredu hospitalarioa" atzean utzi eta eredu berri baten alde egin dute Perdillegiko gizarte azpiegitura berria diseinatzeko, zaintza duten etxebizitzak eta gune komunak izango dituena.

Ezaugarri zehatzak

Etxeberria arkitektoak azaldu zituen eraikin berriaren inguruko xehetasun nagusiak. Azpiegitura berria egiteko erabakitako lekua "oso egokia eta ona" dela azpimarratu zuen Etxeberriak: "Herrigunearen erdian dago, jende asko ibiltzen den toki batean". Eraikin berriak 10.000-15.000 metro koadro artean izatea aurreikusi dute, eta kanpoaldearekin lotura izango du, "lorategi edo parke bat izango du, plaza antzerako bat ere sortuko da oinezkoen espaloiarekin lotuta". Horrez gainera, kanpoko aldearekin lotura izango duen eraikin arteko barruko patio edo atari bat izango du, "herriarekin integratuta".

Beheko solairuaz gainera, beste bost solairu izango ditu eraikinak: beheko solairuan hainbat zerbitzu izango ditu, hala nola taberna, errehabilitazio gunea eta farmazia; autoak aparkatzeko 50 toki ere bai. Lehen solairuan, berriz, zerbitzu orokorrak: bulego orokorrak, sukaldea, aldagelak, garbitegia eta zerbitzua eskaintzeko beharrezkoak diren bestelakoak; eta hogei auto aparkatzeko tokia. Gainontzeko goialdeko solairuetan egongo dira bizikidetza unitateak. Guztira, 125 pertsonentzako tokia izango du.

Etxebizitza unitate bakoitzaren ezaugarriak ere azaldu zituen aurkezpenean Etxeberriak. Pertsona bakoitzak 35 metro koadroko apartamentu bat izango du, eta solairu bakoitzean espazio komunak egokituko dituzte: "Bizikidetza unitateen solairu bakoitzean, komunak izango diren txokoak egongo dira, pertsona bakoitzak gustura egoteko tokia aurki dezan".

Apartamentu gehienak banakakoak izango dira, baina badira binakakoak ere. Etxe bakoitzak sarrera, oinarrizko sukalde txiki bat, jangela, egongela, logela eta bainugela izango ditu; espazio horiek argiarekin banatuko dituzte, eta kanpoko argi naturala izateko leihoa izango dute.

Aurkezpen saioaren bukaeran, herritarrek galderak egiteko aukera izan zuten, eta besteak beste, eraikin berria noiz izango den erabilgarri galdetu zuten. Epe jakinik ez zuten aurreratu ez Peñak ez Alkortak, aurrez bestelako pauso batzuk eman beharko direla zehaztuz. Diputatuak, hori bai, esan zuen Azpeitiko proiektua "ondo posizionatuta" dagoela erakundearen asmoen artean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide