Karnabaletan ere "herritarrek gustura, libre eta seguru festaz gozatzeko" helburuarekin, eraso matxistei aurre egiteko kanpaina prestatu dute, elkarlanean, Azpeitiko Udalak, Emakumeen Txokoak eta Emakumeen Mahaiak datozen festetarako.
Batetik, eraso matxistarik gabeko gunea jarriko dute Plaza Txikian datozen igande eta astelehen gauetan, Jai Karnabalean 20:00etatik gauerdira, eta Astelehen Karnabalean 21:30etik 02:00etara. "Gaian adituak diren pertsonak izango dira erasoen inguruko informazio eta kezkak argitzen, aholkatzen eta laguntza eskaintzen" Plaza Txikiko gunean.
Arretarako telefonoak
Kalean eskainiko zaien zerbitzua ez ezik, herritarrek edozein erasoren aurrean arretarako hainbat aukera dituztela gogorarazi dute antolatzaileek, eta zerbitzu horien telefono zenbakiak zerrendatu dituzte:
- Udaleko Gizarte Zerbitzuak: 943-15 72 92.
- Udaltzaingoa: 092 edo 943-15 13 13.
- Ertzaintza: 943-08 37 80.
- Emakumeen Txokoa: 688 75 10 00.
- Udaleko Parekidetasun Saila: 943-15 79 28.
- Satevi (24 orduko informazio eta arreta zerbitzua): 900-840 111.