Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketarako emakumeen bosgarren entrenamendu saioa antolatu dute

Nerea Uranga 2023ko ots. 17a, 12:00

Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketarako lehen entrenamendu saioa. (Argazkia: Alberto Beloki)

Martxoaren 4an izango da, saioan parte hartuko duten emakumeak direla protagonista. Bukaeran, partaideen artean hainbat zozketa egingo dituzte.

Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketarako emakumeen bosgarren entrenamendu saioa antolatu dute martxoaren 4rako, lasterketaren sustatzaileek.  Egun horretan, prestaketa saioan parte hartuko duten korrikalariak izango dira protagonista; kasu honetan, ez dute gidaririk izango. Ibilbide "polita eta motza" egingo dutela aurreratu dute antolatzaileek; 11 kilometrokoa izango da.

Azpeitiko Udal Igerilekuaren aurrean elkartu, eta 08:15ean hasiko dute prestaketa saioa. Kontsigna eta dutxa zerbitzuak izango dituzte. Emakumeez gainera, gizonek ere parte hartzeko aukera izango dute, baina beti ere emakume batekin joanda. Saiorako aurrez izena eman behar da Lagun Onak Mendi Bazkunaren webgunean. Bukaeran hamaiketakoa egingo dute, eta entrenamendu saioan parte hartzen duten emakumeen artean Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketarako dortsalak, lasterkarako materiala, esfortzu proba bat eta bazkari-afariak zozkatuko dituzte.

Iazko azaroan egin zuten emakumeei zuzendutako lehen entrenamendua, Malen Osa oñatiar lasterkariarekin; abenduaren 3an bigarrena, Sara Alonso gidari zutela; urtarrilaren 7an hirugarrena, Oihana Kortazarrekin; eta otsailaren 5ean laugarrena, Leire Martinezekin. Lau saio horien ondoren, bosgarrena antolatu dute Domusa Teknik 40 MLK probaren sustatzaileek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide