Karnabalak 2023

Astelehen Karnabala hasteko, mozorro desfile jendetsua

Maialen Etxaniz - Aitziber Arzallus 2023ko ots. 20a, 16:22

Eguraldi ona lagun, dozenaka herritar atera dira eguerdian mozorroen desfilean, eta ohi bezala askotariko jantziak eta karrozak ikusi ahal izan dira kalean. Kalejiran hartutako irudiekin eta adierazpenekin osatutako bideo da honako hau. 

Astelehen Karnabala da gaur, eta goizean goizetik giro bikaina nagusi da kalean. Lehenik, zezen txikiak eta poniak egon dira plazan, eta horien ostean, 12:30ean hasita, mozorroen desfile jendetsua egin dute Alde Zaharreko kaleetan barrena. Azpeitiarrek irudimena badutela erakutsi dute beste behin, eta askotariko mozorroekin eta karrozekin parte hartu dute kalejiran. Desfilearen bukaeran, gozokiak jaso ostean, Diskopuntx taldearen doinuetara dantza egiteko aukera izan dute gaztetxoek.

Jaiak ez du etenik izango gaur. 16:00etatik 20:00etara, haurrentzako jolas parkea jarriko dute Izarraitz pilotalekuan, eta gazteentzat eta nerabeentzat errealitate birtualeko jolasak, dance jokoak eta simuladoreak ere bai. 16:30ean hasita, berriz, sokamuturra izango da herriko kaleetan. Sokamuturra bukatu eta gero ere izango da zertaz gozatua, mozorro lehiaketa eta musika ekitaldia izango baitira iluntzean. 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide