'Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi' obrak irabazi du Donostia antzerki saria

Nerea Uranga 2023ko ots. 21a, 15:45

Erika Olaizola, Amancay GaztaƱaga eta Iraia Elias. (Argazkia: Donostia Kultura)

Amancay Gaztañaga zestoarra, Erika Olaizola azpeitiarra eta Iraia Elias zarauztarra dira obraren aktoreak eta zuzendariak.

Kamikaz kolektiboaren eta Ttak teatroaren Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzezlanari eman diote XXIII. Donostia antzerki saria, Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola eta Iraia Elias aktoreek zuzendutako eta antzeztutako obra 2021ean estreinatu zuten. Sari gisa 12.000 euro eta Ramon Zuriarrainen artelana jasoko dituzte. Saria emateko ekitaldia martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, izango da, 19.30ean, Viktoria Eugenia antzokian. Sarrera doan izango da, baina aurrez gonbidapena eskatuta. Egun horretan bertan eskatu daiteke ekitaldi eta emanaldirako gonbidapena Viktoria Eugenia antzokiaren leihatilan.

Donostia antzerki sariaren antolatzaileek azaldu dute epaimahaiak balio handia eman diola Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi sorkuntza propioa izateari, eta, batik bat, antzezleek beraiek bideratutako sorkuntza prozesua izateari. Antzezleek egindako lana nabarmendu dute: "Indarrez, umoretsu eta irudimenez beterik taularatu dute obra, eta edozein ideia eszeniko agertoki gainean gauzatu daitekeela erakutsi dute".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide