Nerea Amiano: "Beldurra eta ziurgabetasuna erabatekoak dira Ohion"

Julene Frantzesena 2023ko ots. 22a, 10:25

Nerea Amiano –ezkerretik lehena– Ohin bizi den familiako bi haurrekin.

Udatik Ohion bizi da azpeitiarra. Duela bi aste material toxikoa zeraman tren batek istripua izan zuen bere bizilekutik hogei kilometrora, eta haren ondorioez hitz egin du.

Joan zen abuztutik Mineral Ridgen (Ohio, AEB) bizi da Nerea Amiano (Azpeitia, 2006). Ikastera joana da hara, eta uda partean itzuliko da Azpeitira. Azken asteetan albisteen eta zurrumurruen gai izan den tren istripua izan zen lekutik kilometro gutxira bizi da azpeitiarra. 

Otsailaren 3an material kimikoa zeraman tren bat bidetik atera zen zu bizi zaren lekutik kilometro gutxi batzuetara, East Palestinen. Noiz eta nola izan zenuten gertatutakoaren berri? 

Ezbeharra gertatu zenean, egunero bezala, saskibaloiko entrenamendura joan nintzen, eta taldekide batek zera esan zuen: "East Palestine is on fire" [East Palestine sutan ari da]. Hasieran, herri horretako taldeak saskibaloi partida asko irabazi zituelako esan zuela pentsatu genuen; izan ere, on fire-ek ingelesez bolada onean edo oso ondo ibiltzea ere esan nahi du. Zehaztapena egin zuen, herri horretan sutea piztu zela azalduta, eta hark kontatu zigun tren batek su hartu zuela. Etxera iritsi nintzenean ere horretaz ari ziren hizketan etxekoak.

Sumatu al zenuten zerbait?

Nik ez nuen ezer sumatu, baina bizi naizen etxeko aita eskolako zuzendaria da, eta nahiko larrituta zegoen, agian eskola itxi egin beharko zuelako. Ezbeharra gertatu zen tokitik hogei kilometrora dago ni bizi naizen herria, eta, egia esan, tren istripua jazo zenean ez genuen ezer igarri. Hori bai, East Palestinetik gertuago dauden herrietako biztanleek –eskolakide batzuk ere bai tartean– sumatu zituzten produktu kimikoaren usaina eta kea. 

Leherketa arriskuak tarteko, milaka lagun ebakuatu dituzte East Palestine eta inguruetatik. Zer neurri hartu dituzte?

Hainbat herrietan ebakuatu zituzten herritarrak eskoletako gimnasioetara lekualdatu zituzten.

Eta zuen herrian hartu al dute neurri berezirik? 

Ez, batik bat kea Mineral Ridgeren kontrako norabidean zabaldu zelako. Dena den, aholku batzuk eman zizkiguten: aire zabalean denbora gutxi pasatzeko, euria egiten badu kontuz ibiltzeko, maskara erabiltzeko eta abar gomendatu zuten, badaezpada ere.

Sonarik izan al du gertatutakoak AEBetan?

Bai, azken bi asteetan horretaz hitz egiten aritu da mundu guztia. Gainera, eskola askotan –nik ikasten dudanean ere bai– East Palestineko ikasleentzat eta biztanleentzat dohaintzak egin ditugu saskibaloi partidetan. Gertatutakoari buruzko teoria asko zabaldu dira, hala nola airea ez dagoela kutsatuta baina urarekin eta landareekin kontuz ibili behar dela, kutsadura tarteko animalia batzuk hil egin direla … Eta txutxumutxuak diruditen beste gauza asko ere zabaldu dira.

Bi aste igarota, zein da egoera orain?

East Palestineko ikasleak dagoeneko hasi dira eskolara joaten, baina beldurra eta ziurgabetasuna erabatekoak dira. Hona adibide bat: herri horretan saskibaloi partida bat jokatzekoak ziren hainbat ikasle duela egun batzuk, eta gurasoak kezka handia zuten beren seme-alabek hara joan behar zutelako.

Nolatan joan zinen AEBetara? 

Hamar bat urterekin AEBetara joanda ziren hainbat ikasleren bideoak ikusten hasi nintzen Youtuben. Beti pentsatzen nuen halako esperientzia bat bizitzea ederra izango litzatekeela; izan ere, asko erakartzen nau ingelesez zailtasunik gabe hitz egiten ikasteak eta askotariko pertsonak, kulturak, janariak eta tradizioak ezagutzeak. 2019ko udan nintzen etortzekoa hilabeterako, baina gazteegia nintzela esan zidaten, eta ez nintzen etorri. Gero, 2020ko udan saiatu nintzen berriro, baina COVID-19aren pandemia tarteko, ezin izan nuen bidaiatu, eta 2021ean gauza bera gertatu zitzaidan. Denbora luzea pasatuta, baina, lortu dut nahi nuen esperientzia bizi ahal izatea, eta oso-oso pozik nago AEBetan nagoelako.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide