Ados Pilota klubaren binakako txapelketaren finalerdiak jokatuko dituzte etzi Izarraitz pilotalekuan

Andoni Elduaien 2023ko ots. 23a, 10:17

Izarraitz pilotalekuan egin zuten finalerdietarako materialaren hautaketa. (Udala)

Larunbatean, 18:00etan jokatuko dituzte Ados Pilota klubaren promozio mailako nahiz lehen mailako finalerdiak. Lehiakideen artean izango da Oihana Orbegozo pilotari azpeitiarra. Finalerdirako sarrerak bost euroan eskuratu daitezke online.

Etzi, larunbata, Ados Pilota klubaren Binakako Txapelketa Nagusiko finalerdiak jokatuko dituzte Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. 18:00etan hasiko da pilota jaialdia, eta guztira, bi lehia ikusteko aukera izango da han: promozio mailakoa eta lehen mailakoa. Atzo, asteazkena, egin zuten finalerdietarako pilota aukeraketa, eta pilotari guztiak ere "prest" agertu ziren larunbateko hitzordurako.

Promozio mailako finalerdian, N. Galeano eta Arrastia arituko dira gorriz, eta Aranburu –Ibarrolaren ordez jokatuko du– eta Insausti urdinez. Lehen mailako finalerdian, Goiuri Zabaletak eta Naroa Agirrek osatuko dute bikote gorria, eta Ainhoa Ruiz de Infantek eta Oihana Orbegozo azpeitiarrak urdina. Sarrerak bost euroan eskuratu daitezke Ados Pilota klubaren webgunean.

Egoitz Arruti Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburuak azaldu zuen "aspalditik" zutela emakumeen pilota txapelketako partidaren bat Azpeitira ekartzeko asmoa. Haren arabera, "garrantzitsua" izango da emakumeen kirola ikusarazteko. "Kiroleko diziplina askotan ari dira gero eta emakume gehiago, bai kirolean eta bai lehian. Oso garrantzitsua da hori ikusaraztea, eta kirol desberdinetan emakume erreferenteak sortzeko bultzada ematea". Bide horretan, "lanean" jarraituko dutela gaineratu zuen Arrutik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide