Udalak ikusgai jarri ditu sarean 'Adinekoen zaintzaren garrantzia’ jardunaldiak

Andoni Elduaien 2023ko ots. 23a, 13:00

'Adinekoen zaintzaren garrantzia' jardunaldietako azken saioa, Sanagustin kulturgunean. (Nerea Uranga)

Adinekoen zaintzaren garrantzia jardunaldietan hiru saio egin dituzte Azpeitian, eta udal erakundeak saio bakoitzak eman duena ikusgai jarri du sarean.

Adinekoen zaintzaren garrantzia mahai gainean jartzeko helburuarekin, Adinekoen zaintzaren garrantzia izeneko jardunaldia egin du otsailean zehar Azpeitiko Udalak. Gizartearen zahartzearen bilakaera, udalak erronka horri aurre egiteko esku artean dituen politika publikoak nahiz bidean diren azpiegiturak eta adinekoen bakardadea landu dituzte egitasmoaren barruan. Guztira, hiru saio egin dituzte, eta bakoitza ikus-entzunezko batean jaso du erakundeak.

Jardunaldien lehen saioan, Siiseko Madalen Saizarbitoria eta Azpeitiko Udalako Gizarte Zerbitzuetako batzordeburu Leire Goenaga eta arduradun tekniko Edurne Zubia izan ziren hizlariak eta Azpeitiko adineko pertsonen beharren analisia aurkeztu zuten. Udal baliabideez eta etxebizitza tutelatuez ere jardun zuten saio hartan.

Otsailaren 8an egin zuten bigarren saioa, eta orduan bakardadearen gaia izan zuten hizketagai. Javier Yanguas gerontologoa nahiz psikologian doktorea eta Ainhoa Becerra Adinberri fundazioko berrikuntza ataleko arduraduna aritu ziren solasean. Adinberriren Hariak estrategiaren inguruko xehetasunak azaldu zituzten horiek jardunaldien bigarren hitzaldian. 

Jardunaldiak ixteko, Perdillegin mendekotasuna duten pertsonentzako udalak eta Aldundiak eraikitzea adostuta duten zentro berriaren aurreproiektua aurkeztu zuten. Nagore Alkorta alkateak eta Maite Peña Aldundiko Gizarte Politikako Foru Diputatuak orain arte egindako lana eta proiektuaren helburua funtsa agertu zituzten Sanagustin kulturgunean. Matia Fundazioko kideek, berriz, beraiek landutako eta ondutako proiektua aurkeztu zuten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide