'Irati' filmaren lau emanaldi izango dira datozen egunetan

Julene Frantzesena 2023ko mar. 1a, 09:09

'Irati' filmeko irudi bat.

Etzi (22:00), igandean (19:30), astelehenean (21:00) eta asteartean (21:00) emango dute film hori Soreasu antzokian, eta dagoeneko eros daitezke emanaldietarako sarrerak Kulturaz.eus webgunean. Paul Urkijok zuzendutako filma aurreko asteburuan estreinatu zuten.

Paul Urkijok zuzendutako eta joan zen asteburuan estreinatutako Irati filmaren lau emanaldi izango dira datozen egunean Azpeitian. Etzi (22:00), igandean (19:30), astelehenean (21:00) eta asteartean (21:00) emango dute film hori Soreasu antzokian, eta dagoeneko eros daitezke emanaldietarako sarrerak Kulturaz.eus webgunean. Filma euskaraz emango dute egunero, ostiraleko saioan gaztelaniazko azpitituluekin, eta gainontzekoetan, azpititulurik gabe. Gainera, astearteko emanaldiaren ostean, filmaren zuzendari Paul Urkijorekin solasean aritzeko aukera izango dute herritarrek.

Honako hau da Irati lanaren sinopsia: "Karlomagnoren armada Pirinioak sarraskitzen ari da, eta, hari aurre egiteko, ibarjaunak laguntza eske jotzen du bertako jainko zaharrengana, zeinak desagertzeko zorian baitaude kristautasunaren eraginez. Odolezko itun baten bitartez, ibarjaunak etsaia garaitzen du, trukean bizia emanda, baina lehenago, Eneko semeari hitzemanarazten dio ibarjaun zuzena izango dela. Urte batzuk beranduago, Eneko –jada heldua eta kristau fedean hezia– umetan egindako promesa betetzera doa. Baina, orduan, aitaren gorpua, frankoei hartutako altxorrarekin batera lurperatu zutena, modu ulertezinean desagertzen da. Horrek zalantzan jartzen du haien leinua. Enekok berreskuratu egin beharko ditu horiek bere patua betetzeko, eta horretarako ezinbestekoa izango du ibarreko gazte baten laguntza, Irati izeneko pagano batena. Bi gazteak oihan bitxi eta ilun batean murgilduko dira: diotenez, 'izena duen guztia bada'".

 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide