Gertukoen berotasunean aurkeztu du 'Gauden aldian' diskoa Desgaraian musika taldeak

Maialen Etxaniz 2023ko ots. 25a, 11:55

Atzo gauean aurkeztu zuen diskoa Desgaraian musika taldeak Azpeitiko Gaztetxean. Eñaut Elorrietak ireki zuen emanaldia, gitarra eskuan zuela. Hiru abesti eskaini zituen bakarka, eta beste bat Idoia Asurmendirekin. Horren ostean igo ziren oholtzara Desgaraianeko musikariak. Disko berriko hamar abestiak ez ezik, hainbat bertsio eskaini zituzten, tartean Errimerenak. Iñaki Segurola ere izan zuten gogoan.

Desgaraian musika taldeak atzo aurkeztu zuen ia bi urtez sortzen aritutako Gauden aldian diskoa. Lehen kontzertua eskaini zuten leku berean aurkeztu zuten diskoa, Azpeitiko Gaztetxean, eta jende ugari bertaratu zen emanaldiaz gozatzera. Desgaraianekoek gertukoen berotasunean plazaratu zuten hamar abestiz osatutako lana. Ondoan izan zituzten artista gonbidatuak ere. 

Eñaut Elorrieta musikaria izan zen oholtzara igotzen aurrena, eta gitarra eskuan zuela haren ibilbideko hiru abesti eskaini zituen bakarka. Ondoren, Idoia Asurmendi igo zen oholtzara, eta beste kanta bat eskaini zuen harekin. Txaloz hartu zituzten bi aristak gaztetxean elkartutakoek. Horren ostean igo ziren oholtzara Desgaraianeko musikariak. Jon Gurrutxaga azpeitiarra da taldeko abeslaria, eta ondoan ditu beste bost kide: Markel De Reparaz, Xabi Agirrezabala, Ekain Alzola, Garikoitz Ortiz de Villalba eta Peru Iparragirre.

Disko berriko hamar abestiak ez ezik, hainbat bertsio eskaini zituzten, tartean Errimeren Chelsea Hotelean. Gogora ekarri zituzten Errimeren ibilerak eta partaideak. Begi argiz abestia eskaintzeko oholtzara igo zen berriro Idoia Asurmendi, eta hunkituta amaitu zuten abeslariek nahiz behean elkartutako hainbat lagunek. Hizkiak eta piztiak kantua abestean han bertan zen Aitor Bizkarrari egin zion aipamena Gurrutxagak, Bizkarrarenak baitira euskarari eskainitako bertsoak. Iaz hil zen Iñaki Segurola Ogrue ere izan zuten gogoan emanaldian, eta txalo zaparradaz erantzun zuten bertaratutakoek.

Gauden aldian diskoa entzungai dago Youtuben nahiz gainerako plataformetan. Maialen Etxanizek Gurrutxagari diskoaz egindako elkarrizketa, hemen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide