Alaitz Artola: "Jendeak aurreiritzi oker asko ditu Gizakia Helbururen inguruan"

Aitziber Arzallus 2023ko ots. 27a, 08:20

Alaitz Artola. (Aitziber Arzallus)

Gizakia Helburu 1984an sortu zuten heroinarekiko menpekotasuna zuten herritarrei laguntzeko, baina, ordutik, asko aldatu da gizartea, eta gizartea aldatzen joan den heinean aldatu da Gizakia Helburu ere. Gaur egun, askotariko menpekotasunetatik askatzen eta birgizarteratzen laguntzen diete herritarrei. Otsaileko Maxixatzen aldizkarirako Aitziber Arzallusek egindako elkarrizketa da honako hau.

Gizakia Helbururen Lasaoko (Azpeitia) egoitzako terapeuta da Alaitz Artola (Azkoitia, 1994). Askotariko mendekotasunak dituzten herritarrekin eskuz esku jarduten du lanean, haiei birgizarteratzeko bidean laguntzen. Zeregin gogorra dela onartu arren, oso aberasgarria ere badela dio azkoitiarrak; beretik asko ematen duela, baina baita asko jaso ere.

Zer ikasi zenuen?

Batxilergoa bukatu eta gero, Psikologia ikasi nuen, Donostian. Hori eta gero, Bikote eta Familia Terapian masterra egin nuen, eta orain, Osasun Psikologia Orokorreko masterra egiten ari naiz, titulu hori eskatzen baitute lanpostu gehienetarako.

Garbi al zeneukan zer ikasi behar zenuen?

Batere ez. Batxilergoa egiten hasi nintzenean, ez nekien zer ikasi nahi nuen. Etxean lanbide heziketara joateko esaten zidaten arren, nik ez nuen garbi ikusten; baina zer unibertsitate ikasketa egin pentsatzen jarrita ere, ez nekien. Nekiena zen jendearekin lan egin nahi nuela; ez nintzen ikusten egun guztian ordenagailuaren aurrean, ezta zortzi orduz piezak egiten ere. Hango eta hemengo ate irekietara joan eta gero, Psikologia ikastea erabaki nuen. Jendearekin hartu-emana beti gustatu izan zait eta psikologiak ematen du jendeari laguntzeko aukera hori.

Nola ekin zenion lan ibilbideari?

Psikologia ikasten ari nintzenean, Izan Fundazioaren Norbera programan egin nuen praktikaldia, Donostian. Arazo sozialak, familiarrak, ikasketetakoak, pertsonalak eta abar dituzten nerabeei eta haien familiei zuzendutako programa bat da Norbera. Praktikaldia bukatu eta urtebetera edo, ordezkapen bat egitea eskaini zidaten, eta horrelaxe hasi nintzen. Norberakoa bukatu zitzaidanean, fundazio berarena den Gizakia Helburu proiektuan lan egiteko aukera sortu zitzaidan, Hernaniko zentroko Eraiki programan. Harrezkero, atez ate ibili naiz, baina beti Izan Fundazioaren barruan, Gizakia Helburun eta Norberan, eta, gaur egun, Lasaoko zentroan ari naiz lanean; urtebete inguru daramat han.

"Mendekotasunak gizartearen parte dira, eta emakume zein gizon, edozeinek garatu ditzake"

Zehazki, zein da zure lana?

Beti terapeuta gisa aritu izan naiz; hortaz, Donostian eta Hernanin egiten nuen lana zein Lasaon egiten dudana antzerakoak dira. Terapia indibiduala egiten dugu, norbanakoekin; terapia familiarra, norbanako horrekin gehi bere familiarekin –bikotekidea, anai-arrebak, gurasoak...– ; eta talde terapia ere egiten dugu. Jendearen profila da zentro edo programa batetik bestera aldatzen dena.

Gizakia Helbururen Lasaoko egoitza. (Ihintza Elustondo)

Zein profiletako herritarrekin aritzen zara zu?

Gizakia Helburun laguntza behar duten herritar guztiei egiten diegu harrera. Programaren barruan bost lerro nagusi daude, eta norbanako bakoitza, dituen beharren eta ezaugarrien arabera, batera edo bestera bideratzen dugu. Lerro horietako bakoitzak hainbat fase izaten ditu: harrera, komunitatea eta birgizarteratzea. Nik, zehazki, lerro tradizionaleko komunitateko fasean lan egiten dut, Lasaon. Han dauden herritarren profilari dagokionez, ezaugarri adierazgarrienak izango lirate zaurgarritasuna, kontsumo historia edo ibilbide luzea dutela eta inguruan galera handia bizi izan dutela. Mendekotasunari dagokionez, berriz, era askotakoak izan ditzakete: drogekikoa, alkoholarekikoa, jokoarekikoa... Eta izan ditzakete jokabide arazoak ere, erosteko joera konpultsiboa eta abar.

Beraz, edozein eratako mendekotasunetatik askatzeko gunea da Gizakia Helburu?

Gaur egun, bai. Egia da proiektua martxan jarri zutenean, 1984an, drogekiko mendekotasuna zutenak artatzeko izan zela; orduan dena zen heroina. Gizartea aldatzea joan den heinean, ordea, Gizakia Helburua ere aldatzen joan da. Harrigarria da zenbat gaztek dituzten jokoarekin, alkoholarekin, botikekin eta teknologiarekin arazoak.

"Zerekiko menpekotasunak adinako garrantzia izaten du kanpoan duten babesak"

 

Zer-nolako jendeak jotzen du Gizakia Helburura?

Denetariko jendea etortzen da, baina egia da oraindik ere gehienak gizonak direla, eta hori ez da emakumeek ez dutelako mendekotasunik garatzen, gizartean estigma handia egoten jarraitzen duelako baizik. Emakume gehien alkoholarekin arazoak dituzten herritarrei zuzendutako programan dago, baina, oro har, gure lantokian eta gure programetan ikusten duguna ez dator bat gizarteko benetako egoerarekin. Mendekotasunak gizartearen parte dira, eta izan gizon izan emakume, mendekotasunak edozeinek garatu ditzake.

Mendekotasun denak modu berean artatu al daitezke?

Bakoitzak bere berezitasunak ditu, baina, adibidez, talde terapietan, era askotako mendekotasunak dituztenak elkartzen dira. Izan ere, alkoholak gauza bat ematen dizu, kokainak beste bat... baina oinarrian dagoen arazoa antzerakoa izan ohi da. Gainera, kasu gehienetan, zerekiko menpekotasunak adinako garrantzia izaten du kanpoan duten babesak. Ingurua erabat galduta datozenek lanketa handia egin behar izaten dute birgizarteratzeko; inguruan horrenbesteko kalterik egin ez dutenek, aldiz, baliabide gehiago izaten dituzte.

Zer ematen diezue laguntza eske doazkizuenei?

Hasteko, entzun egiten diegu, jakiteko zerk lagunduko liekeen eta zer beharko luketen beren burua beste modu batera kokatzeko berriz beren lekura bueltatzen direnean. Gure zeregina da ibilbide horretan laguntzea eta akonpainatzea. Prozesu horretan, garrantzi handia du egonkortasuna izateak, errutina bat izateak, eta hasteko, hori ematen diegu. Gero, hezkuntza prozesu baten eta prozesu terapeutiko baten bitartez, baliabideak ematen dizkiegu emozioak eta harremanak beste modu batera kudeatzen ikasteko, eta saiatzen gara beren buruarekiko eta inguruarekiko ardurak har ditzaten ere, ikas dezaten gauzak ezin dituztela egin nahi dituzten bezala, horixe izan delako lehen ere galerak eragin dizkiena.

"Miresgarria iruditzen zait nola partekatzen duten barruan daukaten guztia"

Uste duzu jendeak aurreiritzi okerrak dituela Gizakia Helbururen inguruan?

Bai, aurreiritzi oker asko, gainera. Oro har, jendeak uste du oso leku itxia dela, gizonentzakoa, eta drogekiko mendekotasun larria dutenek bakarrik jotzen dutela hara; baina dagoeneko hori ez da horrela. Gizakia Helburu da gabezia jakin batzuk dituen jendea ahalduntzeko espazio bat eta era askotako arazoak dituen herritarrei laguntzeko gune bat. Uste dut Gizakia Helbururen erronketako bat izan behar lukeela hori gizarteratzea, aurreiritziak hausten joateko, horiek zaildu egiten baitute jendeak bertara laguntza eske jotzea.

Gustukoa al duzu zure lana?

Derrigor gustatu behar, hango egunerokotasunari eta tentsio guztiari aurre egiteko. Hasieran, lanean bizitzen nituen egoerek asko eragiten zidaten, baina denborarekin ikasi egin dut lanekoak lantokian uzten, nahiz eta beti ez den erraza egiten, oso jende zaurgarriarekin jarduten baikara. Hala ere, miresgarria iruditzen zait gugan jartzen duten konfiantza, nola partekatzen duten barruan daukaten guztia; hori ikaragarri eskertzen diet. Gainera, oso ederra izaten da ikustea pertsona bat nola iristen den gugana, zer-nolako bilakaera izaten duen eta nola joaten den. Baina politetik duena zailetik ere badu gure lanak. Harreman oso intentsuak garatzen ditugu jendearekin, zeu ere asko azaltzen zara, eta askotan zaila izaten da muga non dagoen jakitea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide