Zabaleta-Agirre eta Aranburu-Insausti, Ados pilota klubaren Binakako Txapelketa Nagusiko finalera

Maialen Etxaniz 2023ko ots. 26a, 10:15

Lehen mailan, Zabaleta eta Agirre nagusitasunez aritu ziren kantxan, eta 22-12 irabazi zuten Ruiz de Infante eta Orbegozoren aurka. Promozio mailan, partida gogor eta luzearen ostean, Aranburuk eta Insaustik eskuratu zuten final handirako txartela, markagailuan 22-17 gailenduta. Gaur jokatuko dituzte bigarren finalaurrekoak Labriten, eta bertan erabakiko dira beste bi bikote finalistak. 

Ados Pilota klubaren Binakako Txapelketa Nagusiko finalerdiak jokatu zituzten atzo arratsaldean Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, eta dagoeneko erabakita daude promozio mailako eta lehen mailako aurreneko finalistak. Hain zuzen, promozio mailan, Natale Aranburuk eta Olatz Insaustik eskuratu dute final handirako txartela eta lehen mailan Naroa Agirrek eta Goiuri Zabaletak.

Promozio mailako partida gogorra bezain luzea izan zen, eta Lazkaoko aurrelariak beste erritmo bat jarri zion partidari. Haren lana "erabakiorra" izan zen urdinen garaipenean. Lehen mailako partidan, konturatu orduko Zabaletak eta Agirrek zuloa ireki zuten markagailuan, eta urdinei konturatzerako ihes egin zien partidak. Zabaletak eta Agirrek uste baino errazago lortu zuten finalerako txartela, nagusitasunez aritu ziren kantxan, eta 22-12 irabazi zuten  Ainhoa Ruiz de Infante eta Oihana Orbegozo azpeitiarraren aurka.

Gaur erabakiko dira Binakako Txapelketa Nagusiko beste bikote finalistak nor izango diren. Labriten jokatuko dituzte finalaurrekoak 11:30ean hasita. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide