Berdinketa eta garaipena, Lagun Onakeko talde nagusientzat

Julene Frantzesena 2023ko ots. 26a, 16:00

Lagun Onakeko emakumeen taldearen hasierako hamaikakoa. (Lagun Onak)

Espainiako Hirugarren Mailako gizonen taldeak eta Ohorezko Erregional Mailako emakumeenak etxean jokatu zituzten partidak atzo arratsaldean. Gizonen lehen taldeak Vitoria izan zuen aurrez aurre zelaian, eta bana berdindu zuten partida. Emakumeek, berriz, Urnietari 3 eta 0 irabaztea lortu zuten.

Asteburua balekoa izan da Lagun Onakeko bi talde nagusienentzat; izan ere, garaipena eta berdinketa erdietsi dituzte emakumeen eta gizonen lehen taldeek, hurrenez hurren. Bi taldeek atzo jokatu zituzten ligako partidak, biek ala biek etxean, eta ordu beretsuan: gizonek Garmendipe futbol zelaian jokatu zuten, 17:00etan hasita, eta emakumeek zelai artifizialean, 17:45ean.

Espainiako Hirugarren Mailan aritzen den gizonen taldeak Vitoria taldea izan zuen aurrez aurre zelaian, eta partida gaizki hasi zuten etxekoek. Izan ere, lehen minutuan sartu zuen Vitoriak markagailuan aurre hartzea ahalbidetu zion gola. Dena den, Lagun Onakeko jokalariek ez zuten amore eman, eta handik hamahiru minutura iritsi zen etxekoen gola: bana berdintzea lortu zuen Bengoetxeak. Atsedenaren ostean markagailuan aurre hartzerik ez zuen lortu bi taldeetako inork, eta beraz, puntu batekin konformatu behar izan zuten.

Emakumeek garaipena eskuratu zuten atzokoan. Hain zuzen ere, Urnieta taldearen kontra neurtu zituzten indarrak Ohorezko Erregional Mailako taldeko kideek, eta hiru puntuak etxean gelditu ziren. Lehen zatia hutsean berdinduta bukatu bazen ere, bigarrenean markagailua irauli zuen Lagun Onakek. Izan ere, 3 eta 0 nagusitu zen taldea. Lehen gola Maria Sorazuk sartu zuen, bigarrena Ane Mantxolak eta hirugarrena Naira Sudupek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide