Sormen egonaldien lehen deialdirako izen-ematea ireki du Kulturaz kooperatibak

Andoni Elduaien 2023ko ots. 27a, 12:34

'Lubaki lainotsua' antzezlana ontzeko Dinamoan egindako egonaldiko irudi bat. (Kulturaz)

Martxoaren hasieratik uztailaren amaierara bitartean sormen egonaldi sakona (Harri), egonaldi malgua (Orri) eta antzerkirako sormen egonaldia (Ar) egiteko aukera egongo da Dinamoa sormen gunean. Martxoaren 19an itxiko da sormen egonaldien lehen deialdirako izena emateko epea. 

Kulturaz kooperatibak 2023. urteko sormen egonaldietarako izen-ematea zabaldu du. Esku artean sormen proiektu bat duen sortzaileei zuzendutako deialdia da, edozein diziplinatara irekia. Bakarka zein kolektiboan asmo bati sormen prozesu sakon bat eskaini nahi dion orok izango du egonaldietarako izena emateko aukera.

Hiru egonaldi mota egiteko aukera egongo da Azpeitiko Dinamoa sormen gunean: Harri egonaldi osoa, Orri egonaldi sinplea eta Ar antzerki sormen egonaldia. Ekimenaren helburuak dira sortzaileei baliabideak eskaintzea eta bidea egiten laguntzea. "Denbora eta arreta zaindua eskaini nahi dutenen eskura baliabideak nahiz babesa eskaintzea da deialdi honen asmoa", azaldu du Kulturazek.

Egonaldia bi deialditan egin ahalko da. Lehena, martxoaren hasieratik uztailaren amaierara bitartean gauzatuko da, eta bigarrena, irailaren hasieratik urtearen amaierara bitartean. Hain zuzen, lehen deialdirako izena-emate epea zabaldu du orain Kulturazek; martxoaren 19ra bitartean egongo da horretarako aukera. Aldiz, bigarren deialdian egonaldia egiteko izena emateko epea ekainaren 16an zabalduko dute.

Harremanetarako, dinamoa@dinamoa.eus helbidera idazteko edota 635 73 87 60 telefonora deitzeko aukera egongo da.Honako lotura honetan irakur daitezke hiru sormen egonaldien oinarriak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide