Hamar urtetik gorako ibilbidea egin ostean, erremontea uztea erabaki du Jagoba Labakak. Bere zikloa "bukatu" dela sumatzen duelako hartu du ibilbidea bukatzeko erabakia azpeitiarrak. Hala azaldu dio hark Uztarriari: "Ilusioa galdu dut pixka bat, bai entrenatzeko, bai partidak jokatzeko, eta ilusioa galtzen denean...".
2012ko uztailaren 14an erremontean debuta egin zuen leku berean, Hernaniko Galarreta pilotalekuan, jokatuko du ibilbideko azken neurketa ere. Martxoaren 11n, larunbatez, izango da neurketa.
Agurreko partidaren atarian, 11 urteotako ibilbideaz hausnartu du Labakak, eta beti "ahalik eta txukunen" jokatzen saiatu izan dela azpimarratu du. "Maila txukuna eman dudalakoan nago. Gainera, binakako bi txapel eta Azpeitiko nahiz promozioko bana irabazi ditut. Hori bai, txapelei baino garrantzi handiagoa ematen diot ibilbidea sentipen onez bukatzeari".
Hain zuzen ere, 2020an eta 2021ean Binakako Erremonte Txapelketa irabazi zuen Labakak, bietan Urriza bikote zuela. Gainera, 20018an Promozioko Txapelketa irabazi zuen, Mikel Etxarrirekin batera, eta urte hartan bertan, Utergak eta Labakak irabazi zuten Azpeitiko Erremonte Txapelketa.
Urte guztiotan erremonteak zer eman dion argi du azpeitiarrak: lagun giroa. Eta horrekin geratzen dela adierazi du. "Frontoiaren bueltan izan dugun lagun giroa azpimarratuko nuke. Jende pila bat ezagutu dut, era guztietakoa –erremontistak, zaleak...–, eta askotan, partida jokatzeak baino ilusio handiagoa egiten zidan aldageletan genuen giroak".