Zapatuko Bertsio Gauean parte hartzeko izena eman daiteke oraindik ere

Nerea Uranga 2023ko mar. 2a, 10:30

Iazko Bertsio Gaueko une bat.

Zapatuan egingo dute musika saioa, 22:00etan, Gaztetxean. Sei bat taldek eman dute izena, baina oraindik animatzen direnek parte hartzeko aukera dute.

Otsailaren 23an bildu ziren Gaztetxean aurtengo Bertsio Gaua antolatzeko. Musika saioa zapatu honetan, martxoaren 4an izango da Gaztetxean, 22:00etan hasita.

Bospasei lagun bildu ziren Bertsio Gauaren antolaketa batzarrean, hala azaldu du Aner Gantzarain Gaztetxeko kideak: "Sei bat taldek eman dute izena aurtengo Bertsio Gauean jotzeko, iaz baino gutxiago dira, beraz". Dena den, oraindik ere Bertsio Gauean parte hartzeko prest dauden musikariek horretarako aukera dutela adierazi du: "Gau ederra izaten da, dibertigarria. Beraz, besteren bat parte hartzera animatuko balitz, horretarako aukera zabalik dago oraindik, eta Gaztetxeko kideren bati komentatzea edota Gaztetxearen sare sozialen bidez gurekin harremanetan jartzea nahikoa da". Taldean, hirunaka, binaka, banaka... parte hartu daiteke Bertsio Gauean, "bakoitza animatzen den eran", antolatzaileen hitzetan.

Bertsio Gauerako sarrera doan da, eta kontzertura joatera animatu ditu herriko gazteak Gantzarainek: "Gau polita izaten da". Afaltzeko, Gaztetxean bertan prestatutako pizzak ere salduko dituztela gogoratu du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide