Parisera bigarren bidaia bat antolatu du Baigerak

Aitziber Arzallus 2023ko mar. 2a, 12:30

Irailerako antolatutako bidaiak izandako arrakasta ikusita, eskainitako leku kopurua baino jende gehiagok izena eman duenez, bigarren txanda bat antolatzea erabaki dute Baigerak eta Halconek. Urriaren 23tik 28ra izango da hori, eta dagoeneko zabalik dago izen ematea.

Irailaren 1etik 6ra Parisera joateko bidaia antolatu zuen Baigera jubilatuen eta pentsiodunen elkarteak, Halcon bidaia agentziarekin batera. Leku kopuru jakin bat eskaini zuten bidaia horretarako, eta deialdiak arrakasta izan du, leku guztiak bete ez ezik, jendea joateko gogoz gelditu baita. Hori dela eta, bigarren txanda bat antolatzea erabaki dute, baina urrirako.

Hain zuzen ere, urriaren 23tik 28ra izango litzateke bidaia, eta egun kopurua eta ibilbidea iraileko bidaiaren berdin-berdinak izango dira. Azpeititik irtenda, autobusez egingo dute bidaia, tartean Bordelen, Toursen, Chenonceaun eta Bloisen geldialdiak eginda, eta behin Frantziako hiriburuan, Eiffel dorrea, Versalles, Louvre museoa eta beste hainbat toki ezagutuko dituzte, eta baita Sena ibaian barrena itsas bidaia egin ere.

Bigarren txandarako izen ematea zabalik dago dagoeneko, eta joateko interesa dutenek Azpeitiko Halcon bidaia agentziarekin jarri beharko dute harremanetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide