Sei kirolarik II. Euskal Duatloiaren finala jokatuko dute igandean Azpeitiko zezen plazan

Nerea Uranga 2023ko mar. 3a, 09:35

II. Euskal Duatloiaren finalaren aurkezpena, atzo, Leitzan (Nafarroa). (Argazkia: Euskal Pentatloia)

Duatloiaren lehen kanporaketan aurreneko sei postuetan sailkatutako kirolariek parte hartuko dute, 12:00etan hasita, Azpeitiko zezen plazan etzi jokatuko den duatloian.

II. Euskal Duatloiaren finala jokatuko da igandean, 12:00etan, Azpeitiko zezen plazan. Otsailaren 11n jokatutako lehen kanporaketan sailkatutako sei kirolariak ariko dira etziko neurketan: Arkaitz Jauregik (Ilarduia, Araba), Ibai Soroak (Arribe, Nafarroa), Oier Kañamares (Arostegi, Nafarroa), Eneko Saralegik (Errazkin, Nafarroa), Xabier Zalduak (Zumarraga, Gipuzkoa) eta Suharri Rodriguezek (Hernani, Gipuzkoa).

Bi txandatan banatuta jokatuko dute finala, eta horiek kanporaketako sailkapenaren arabera izango dira. Lehen txandan Saralegi, Zaldua eta Rodriguez ariko dira lehian, eta ohorezko txandan, kanporaketan lehen hiru postuetan gelditu zirenak, Jauregi, Soroa eta Kañamares.

Aizkoran eta lasterka honako lanak egin beharko dituzte igandeko finalean: 45 ontzako launa enbor moztu beharko dituzte aurrena. Segidan, 4 kilometro egin beharko dituzte korrika; alegia, 40 itzuli eman beharko dizkiote zezen plazari. Bukatzeko, 45 ontzako zutikako launa enbor ebaki beharko dituzte. Finalaren egunean, kirolariek 11:00etarako egon beharko dute zezen plazan, orduan zozkatuko dituztelako egur loteak.

Sarrerak aurrez erosteko aukera jarri dute antolatzaileek, horretarako aukera dago Azpeitiko Mendizabal erretegian eta Tolosako (Gipuzkoa) Kantabriko tabernan. Finalaren egunean, 10:30erako irekiko dituzte zezen plazako leihatilak.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide