Jardunaldia borobila izan da Lagun Onaken talde nagusientzat

Mailo Oiarzabal 2023ko mar. 5a, 17:42

Lagun Onak-Urduliz partidako artxiboko irudia. (Mailo Oiarzabal)

Biek etxetik kanpo irabazi zuten atzo, Hirugarren Mailako taldeak 0-4 San Ignacioren zelaian, eta Emakumeen Ohorezko Erregional Mailakoak 0-2 Beti Gazterenean.

Aspaldiko astebururik borobilena izan da honako hau Lagun Onak futbol klubaren talde nagusientzat. Etxetik kanpo aritu ziren atzo bai Espainiako Hirugarren Mailako taldea, bai Emakumeen Ohorezko Erregional Mailakoa, eta garaipen banarekin itzuli ziren etxera.

Espainiako Hirugarren Mailan, garaipen garbia lortu zuen Azpeitiko taldeak Gasteizen, San Ignacioren kontra (0-4). Jagoba Erdozia izan zen partidako protagonista, Lagun Onaken lau goletatik hiru hark egin baitzituen. 16. minutuan egin zuen lehendabizikoa, eta 0-1ekoarekin bukatu zen lehen zatia. Atsedenaldiaren ondoren iritsi zen Ander Avellanedak zuzentzen duen taldearen gol festa.  52. minutuan egin zuen bigarrena Erdoziak, eta bigarren zatiaren lehen ordu laurdenarekin borobildu zuen hat-tricka. Amaieratik gertu, 85. minutuan, Pablo del Pozoren golarekin borobildu zuen emaitza Lagun Onakek. Atzoko porrotarekin, jaitsiera postuetan sartu da San Ignacio, eta Lagun Onakek bost puntura zabaldu du jaitsiera zuzena dakarten postuekiko tartea. 27 punturekin, 9. tokian dago Azpeitiko taldea. Datorren jardunaldian, 24.ean, Pasaia hartuko du Lagun Onakek Garmendipen.

Emakumeen Ohorezko Erregional Mailan ere hiru puntuak batu zituen Lagun Onakek etxetik kanpo, Beti Gazteren etxean. Neurketa hasi eta segituan hartu zuen aurrea Unai Urbizuren taldeak, Naira Suduperen golarekin. Hortik aurrera, gol aukera gutxiko partida izan zen, ez nafarrek, ez Azpeitikoek, ez zuten arrisku handirik sortu. Hala ere, neurketaren azken minutuak lasai jokatzeko moduan izan zen Lagun Onak, Maialen Aiertzak 0-2koa egin eta gero. Lesakan irabazita, 21 jardunaldi osatu ondoren 36 puntu ditu Lagun Onakek, eta bosgarrena da sailkapenean. Datorren asteburuan Garmendipen jokatuko du, Urolaren kontra.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide