Datorren astean zabalduko dute aurtengo Euskal Antzerki Topaketetara proiektuak aurkezteko epea

Julene Frantzesena 2023ko mar. 7a, 11:22

Iazko topaketetan apaindu zuten Soreasuko pasabidea.

Apirilaren 25era arte izango dute konpainiek aurtengo udazkenean egingo diren 41. Euskal Antzerki Topaketetan taularatu nahi dituzten antzezlanen proposamenak egiteko aukera. Bi ezaugarri bete beharko dituzte antzerki taldeek: konpainiek Euskal Herrikoak izan beharko dute, eta obrek euskarazkoak.

Aurtengo udazkenean 41. Euskal Antzerki Topaketak izango dira Azpeitian, eta horietan parte hartu nahi duten taldeek edo konpainiek datorren asteazkenetik aurrera izango dute obra edo proiektu proposamenak Azpeitiko Udalean aurkezteko aukera. Zehazki, martxoaren 15etik apirilaren 25era izango dute taldeek herrian taularatu nahi dituzten antzezlanen proposamenak aurkezteko parada.

Horretarako, bi ezaugarri bete beharko dituzte antzerki taldeek: konpainiek Euskal Herrikoak izan beharko dute, eta obrek euskarazkoak. Haurrei, gaztetxoei nahiz helduei zuzendutako antzezlanak, amateurrak nahiz profesionalak izan ohi dira Azpeitiko topaketetan, eta halako lanak egiten dituzten taldeek aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak. Hain zuzen ere, obraren aurkezpena, sinopsia, fitxa teknikoa nahiz artistikoa eta material grafikoa aurkeztu beharko dituzte horiek.

Proiektuak honako lotura honen bidez izapidetu behar dira; hau da, modu elektronikoan. Zalantzak argitu edo informazio gehiago jaso nahi dutenek 943-15 70 68 telefonora deitu edo kultura@azpeitia.eus helbidera mezua idatz dezakete.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide