'Irati' filmaren emanaldia eta haren zuzendariarekin solasaldia izango dira gaur Soreasun

Julene Frantzesena 2023ko mar. 7a, 13:50

'Irati' filmeko irudi bat.

21:00etan izango da filmaren emanaldia, eta hori bukatzean, lanaren zuzendariarekin solasean aritzeko aukera izango dute herritarrek. Gaurko emanaldia Azpeitian eskainiko duten laugarrena eta azkena da; aurreko hiru saioetan mila lagun inguru izan dira Soreasun.

Irati filmaren laugarren eta azken emanaldia izango da gaur, asteartea, 21:00etan hasita, Soreasu antzokian, eta sarrerak salgai daude Kulturazen webgunean, lau eurotan. Jubilatuek eta pentsiodunek, berriz, bi euro ordaindu beharko dute sarrera, eta Kultur Bonoa duten herritarrek txartel hori baliatu ahal izango dute filma ikusteko.

Gaurko emanaldia, gainera, berezia izango da. Izan ere, filma bukatzean haren zuzendariarekin solasean aritzeko aukera izango due herritarrek, Soreasun izango baita Paul Urkijo.

Ostiralean, igandean eta atzo ere eman zuen Kulturaz kooperatibak Irati filma Soreasun, eta kooperatibako kideen hitzetan, "arrakastatsuak" izan dira emanaldiok. Hain zuzen ere, hiru saio horietan mila lagun inguru izan direla jakinarazi du kooperatibak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide