2020an Urrestillan grabatu ostean, orain Azpeitira iritsiko da ETB1eko Herri txiki, infernu handi saioa. Datozen asteetan grabatuko dituzte elkarrizketak herrian, baina dagoeneko jakinarazi dute noiz egingo duten saioaren ekitaldi berezia. Hain zuzen, martxoaren 23an, osteguna, izango da Azpeitian grabatuko duten saioaren ekitaldia eta proiekzioa Soreasu antzokian, 19:00etan hasita. Ekitaldia 18 urtetik gorakoei zuzenduta dago, doakoa izango da, eta ez da aurrez sarrerarik erosi beharko.
Miren Nogalesek eta Mikel Pagadik gidatuko dute saioa, eta bakarrizketak eskainiko dituzte emanaldian zehar. Xebastian Lizasok, bere aldetik, bertsoz girotuko du ekitaldia.